Denon kezka dena nolabait argitzeari bide ematea lortu nahi dugu: gure datuen segurtasuna sarean.

Batzuei terminoa ezaguna egingo zaizue, beste batzuei, aldiz, ez hainbeste, horregatik, sarrera aprobetxatuko dugu phishing zer den eta labur nola saihestu azaltzeko.

Iruzur egiteko modua da. Norbaitek erakundearen edo enpresaren irudia ordezkatzen du erabiltzailearen datuak, pasahitzak, banku-kontuak, txartel-zenbakiak eta abar eskuratzeko eta, ondoren, iruzur egiteko.

Modu askotara egin daiteke iruzurra: mugikorreko mezu bidez, ordezkatutako erakundearen edo enpresaren izenean deia eginda, posta elektroniko bidez eta abar. Azken hori da modurik erabiliena eta sarean nabigatzen duten guztiek ezagutzen dutena.

Nola gertatzen da?

Ustez erakundearena edo enpresarena den posta elektronikoa iritsiko zaigu eta bertan segurtasun, mantentze-lan, zerbitzuaren hobekuntza edo beste edonolako arrazoiengatik gure datuak web orrialdean sartzeko eskatuko zaigu. Ondoren, sakatu eta ustezko enpresa edo erakundearen webgunera joateko sarbidea jarriko digute. Sartuko garen orrialdeak ez du erakundearen edo enpresaren benetako orrialdearekin alderik izango. Berdin-berdina izango da. Datuak sartzen ditugunean, iruzurgileak haiez jabetuko dira, ondoren iruzur egiteko. Ez dugu fidatu behar sakatzeko eskatutako estekak bankuaren helbide bera izateaz, esaterako. Oso erraza da helbidea idatzi eta klikatzean adierazitakoa ez den beste batera eramatea. Frogarik nahi? Sakatu hemen datorren esteka eta ikusi helbide-barran agertzen den helbidea:

 www.hemenemaneanoraeramatengaituen.net

Ikusiko duzun moduan, sakatutako helbidea ez da joandako orrialdeko helbide-barran agertzen dena bera. Testu bati oso erraz eslei dakioke edozein helbide. Horrela, webguneak helbide faltsuekin ordezkatu daitezke.

Zenbait gomendio emango ditugu besteren adiskideetatik babesteko.

1. Ez dira inoiz erantzun behar posta bidez edo mugikorreko mezu bidez iritsitako informazio pertsonaleko eskaerak. Enpresek edo banku-erakundeek ez dituzte inoiz bide horretatik eskatuko pasahitzak, kreditu-txartelen zenbakiak, kontu-zenbakiak edo bestelako informazioak. Zalantzarik izanez gero, onena erakundeari deitzea edo bertara joatea da. Kontuan hartu behar da erakundeek dagoeneko badituztela gure datuak eta ez dizkigutela berriro eskatuko.

2. Datu pertsonalak idazteko eskatzen duten orrialdeak bisitatzeko, helbide-barran URLa guk idatziko dugu, INOLA ERE EZ beste nonbaitetik datozen estekei jarraituta.

Horrek guztiak askotan jendeak Interneti edo Internet bidezko bankuari beldur izatea eragiten du eta ez luke hala izan behar; urrats erraz horiek jarraituta ez dugu arazorik izango eta denbora aurreztuko dugu, ez baitugu bulegora joan beharrik izango eragiketa jakinak egiteko.

Gerta litekeen beste kasua posta elektronikoa jasotzea da; bertan, postaren edo spamaren mantentze-lanak edo beste edozein arrazoi dela eta, adierazitako estekan sakatu eta posta-kontuko datu guztiak (erabiltzailea, pasahitza…) eman edo haiei posta bidali ezean, kontua ezabatuko dizutela adieraziko zaizu.

Jarraian, KZguneko posta-kontu askotara iritsitako benetako kasua doakizue (segurtasun-arrazoiak direla eta, estekak kendu ditugu):

Nork: kzgunea.net Eguneraketa Zerbitzua <sreemseshadrinathan@gmail.com> 

Gaia: kontua desaktibatzea:

Mezuaren edukia:

Kaixo Mail.kzgunea.net erabiltzailea:

Web potako mezuen zentroan gertatzen ari diren mantentze-lanetako datu-baseetako ekipoak direla eta. Gure mezuen zentroa doitu beharra dago, egunero jasotzen ditugun spam-mezu ugariak direla eta. Koarentenak egunero dilema horri aurre egin behar ez izaten lagunduko digu eta software berriak web-posta eta sistema berriaren segurtasuna ekarriko du piraten aurrean erabiltzaileak babesteko eta kontuak ez kentzea lortzeko.

Postontzi elektronikoa balioztatzeko, KLIKATU HEMEN eta bete formularioa kontua egiaztatzeko:
KONTUZ! Eguneraketaren jakinarazpena jaso eta hurrengo bost (5) egunetan kontua eguneratzeari uko egiten dion titularraren kontua behin betiko baliogabetuko da gure Mail.kzgunea.net Kontuak datu-basetik eta, horrez gain, Mail.kzgunea.net bezeroaren edo erabiltzailearen kontuak gaizki funtzionatzea eragin dezake eta ez litzateke Webmail.kettering.ede kontuaren galeraren erantzule egingo.
 
Mail.kzgunea.net Webmaster,
ingeniaria. Johansson Simpson
Ekipoko kontrolatzailearen eguneraketa

Mezua aztertuta, hainbat ondorio atera daitezke. Hasteko, guk ez dugu inoiz bidaliko “gmail” kontuko postarik, horretarako etxekoak diren KZguneko kontuak ditugu. Kontuz! Datu pertsonalak eskatzen dituen posta jasotzen badugu eta KZguneko postatik baldin badator, hori ere faltsua izango da. Bigarren, ez dugu inolako datu pertsonalik eskatzen bidaltzen dugun informazio-mezuetan. Informatzaileak besterik ez dira. Azkenik, eta ez garrantzi gutxiago duelako, gure mezuak askoz hobeto idazten ditugu.

Gure datuak emanez gero, jaso dituen makinak gure postaren pasahitza aldatuko du, ez digu sartzen utziko eta gure kontaktu guztiei publizitateko mezuak edo antzekoak igorriko dizkie.

KZguneko posta erabiltzen baduzu eta posta honekin edo antzekoarekin hori bera gertatu bazaizu (gaztelaniaz, ingelesez edo beste edozein hizkuntzatan), gure zentroetako batera gerturatu besterik ez duzu egin behar kontua berreskuratu eta kezkak alde batera uzteko. Kontuan izan behar da iruzurgileek aprobetxatu egiten dutela kasu horiei buruz informaziorik ez jaso izana.

Lagun iezaguzu hobetzen, konta iezaguzu noizbait halakorik gertatu bazaizu, galdetu horri buruzko zalantza guztiak eta, horrela, denon artean Interneteko segurtasuna areagotuko dugu.

KZgunea