Euskal Encounter

Asteburu honetan egingo dute Euskadiko teknologia berrietako eta bideojokoetako zaletasun eta profesional askorentzat hitzordurik maiteena dena: Euskal Encounter. Urtero bezala, KZgunea Informazioaren Gizartearekin egin ohi duten topaldian izango da eta METAPOSTArekin batera, Interneteko postontziaren eta kutxa gotorraren zerbitzuak eskaintzen dituen abantailak ezagutu eta alta emateko standa aurkeztuko du.

Aurtengoa hemeretzigarren edizioa izango da eta Euskal Encounterreko, Euskaltel Fundazioko eta Euskalamigako antolatzaileek Barakaldoko (Bizkaia) BEC eraikinean 7.000 bisitari baino gehiago biltzea aurrez ikusi dute. Topaketa uztailaren 22tik 25era bitartean egingo da. Horretarako, 35.000 metro koadro eta zabaltze tekniko handia izango dituen esparrua prestatu dute.

Edizio honek, gainera, partaideen errekorra hautsi du. Izan ere, atzera geratu direnek dagoeneko ez dute parte hartzeko aukerarik izango, tokiak agortuta baitaude Aste Santutik eta itxaron zerrenda inoiz baino luzeagoa baita.

Aurtengo Euskal Encounterren egitarauak hiru eremu nagusi biltzen ditu: Euskal Party, Gamegune eta Opengune. Lehen gunea “party”ko partaideentzako esklusiboa izango da. Bertan, ordenagailu pertsonalak instalatu eta arte digitalarekin, hardwarearekin, software librearekin, robotikarekin eta amateur jokoekin lotutako jarduerak garatuko dituzte.

Bigarren gunean bideojokoen nazioarteko txapelketa egingo dute: Gamegune izenekoa izango da. Txapelketaren bederatzigarren edizioa izango da eta dagoeneko mundu mailako garrantzitsuenetako bat dela esan dezakegu. “Counter Strike 1.6” izeneko bideojokoan espezializatuta dauden mundu osoko jokalari profesionalen talderik onenak bilduko dira bertan.

Azkenik, Opengune gunea jende guztiarentzat irekita egongo den eta doakoa izango den eremua da. Bertan, Informazioaren Gizarteari buruzko hitzaldiak, mahai-inguruak eta tailerrak eskainiko dituzte. Eremu horretan, gainera, merkatuko berrikuntza nagusiak ikusi ahal izateko standen gunea izango da.