Software libreari buruz hitz egin nahi dugu gaur. Izenburua irakurrita konturatuko zinetenez, ez gara dituen abantailak azaltzen hasiko, software librearen funtsa eta jatorria jakiten saiatuko gara.  Gai hau aurkezteko modu onena hauxe dela iruditzen zaigu eta uste dugu blogeko mezu asko honi buruzkoak izango direla.
Zerk bultzatuta egin zieten aurre informatikari-talde batek software-lizentziei duela 30 urte baino gehiago?
1984an hasi zen guztia, Richard Stallman software librearen “aita” lantoki zuen laborategiko inprimagailuarekin zuen arazo bat konpondu ezinik ibili zenean. Inprimagailuaren kontrolatzaileen iturburu-kodea behar zuen, aldatu eta arazoa konpontzeko, baina software-lizentzia pribatiboek traba gehiegi jarri zizkioten.
Hori horrela, GNU proiektuari ekin zion. Sistema eragile erabat librea da GNU. Ondoren, Software Librearen Fundazioa (FSF) sortu zuen, eta horiek izan dira software librearen bi zutabeak.

Stallman-en helburua jaberik gabeko softwarea sortzea zen, edozeinek kontsultatzeko eta aldatzeko modukoa, baimen gogaikarririk gabekoa eta bakoitzak bere beharrak asetzeko egokitzeko askatasuna emango zuena. Horrez gain, egindako lana partekatzeko konpromisoa ere oso printzipio garrantzitsua izan zen, software libreari funtsezko kontzeptu bat txertatu baitzion: copyleft kontzeptua. Aplikazio informatikoak sortzea eta nahi zuten guztiekin partekatzea zen asmoa. Horixe izan zen software librearen hasiera eta Stallmanek mezu elektroniko baten bidez azaldu zuen GNUren funtsa:

Nire ustez, urrezko arau bat dago: nik programa bat nahi badut, programa hori nahi duen beste jendearekin partekatu behar dut. Ezin dut, nahita behintzat, konfidentzialtasun-akordio bat edo software-lizentziaren akordio bat sinatu.

Testu osoaren esteka.

Ekimen honek soka luzea ekarri du 28 urteotan. Linux sistema eragile librea oso aukera ona bihurtu da Windows edo Apple sistema eragile pribatuen ordez erabiltzeko eta lizentzia libreek erraztasunak ematen dituzte gure beharretara egokitutako aplikazioak erabiltzeko eta sortzeko.

Duela urte batzuk arte, software librearen kontzeptua informatikari arduratsuei lotuta zegoen. Orain, askok erabiltzen ditugu aplikazio libreak eta, askotan, horretaz jabetu gabe, gainera. Nork ez ditu noizbait Firefox nabigatzailea edo VLC bideo-erreproduzigailua erabili?

KZguneak hasieratik hartua du software librea erabiltzeko konpromisoa. Hainbat ikastaro daude gaiari buruz eta beste batzuk prestaketa-fasean daude.

KZgunean, software librearen izena KZnux da, KZgunearentzat pertsonalizatutako Linux sistema bat. Hurrengo mezuetan jorratuko dugu gai hori sakonago.

Momentuz, software librearen kontzeptua azaltzen duen bideo didaktiko eta “gozo” batekin utziko zaituztegu. Hurrengora arte.

http://www.youtube.com/watch?v=FvLJ2JotttM