Birusa

Birusa

Gai honen lehen zatian, malwareak zer ziren jakiteko lehen ikuspegia eskaini genuen eta gaiarekin jarraituko genuela agindu genuen. Bigarren zati honetan, hainbat malware motari buruz hitz egingo dugu. Lehen zatia irakurri ez bazenuen, egin klik ondorengo esteka honetan eta hortxe irakurri ahal izango duzu:

Malwarea eta birusak. I. zatia

Hainbat malware mota ikusiko ditugu ondoren:

– Birus parasitoak: Exekutatzen ditugun fitxategietan egoten dira. Horiek dira ohikoenak.

Adibide bat: Mezu elektroniko bat jaso dugu “.exe” (fitxategi exekutagarria) luzapena duen fitxategi bat erantsita duela. Edukiak adierazten digu sarean birus arriskutsu bat dabilela eta Microsoft-ek, adeitasunez, birusa ezabatzeko fitxategia bidali dizula eranskinean.  Aztertu edukia arretaz: Nik Microsoft-i ez diot inoiz nirekin harremanetan jartzeko daturik eman. Nola lortu dituzte? Gaur egun zer ordu den ere ez dute doan esaten, aurrez idatziz eskaera egin eta NANaren kolorezko fotokopia 2. leihatilan aurkeztu ezean. Benetan iruditzen al zaizu eskatu gabe eta doan bidaltzeko bezain adeitsuak direla? Ez. Beraz, jaso dudan hori birus bat da.

Harra: Bere burua bikoizten du eta azkar hedatzen da. Kasurik gehienetan memoriaren oso zati handia hartzen dute eta horrek ordenadorea asko moteltzen du. Posta elektronikoan, mezu bidez edo P2P sareen bidez zabaltzen dira.

 

Troiako zaldia edo troiarra: Gogoratuko duzue greziarrek Troian sartu zuten zaldi famatu hura; ba birus mota honek antzera jokatzen du. Itxuraz kalterik egiten ez duten programetan ezkutatzen dira eta programa horiek informazioa biltzeko duten sistema (pasahitzak, fitxategiak…) aldatzen dute.

Adwarea: Hainbat produkturi eta zerbitzuri buruzko publizitatea zabaltzen du. Bat-batean irekitzen diren leihoetan edo pantailan nahiz Interneteko nabigatzailean agertzen den barra baten bidez ikus daitezke.

Hoax edo zurrumurruak: Gure kontaktuei informazio faltsua adieraziz birbidaltzen dizkiegun mezuak. Borondate onarekin egin arren, gezurrezko zurrumurru bat zabaltzen dugu.  Ziurrenik, jasoko zenuten noizbait mezuren bat esanez, mezua 20 laguni bidaliz gero, enpresa batek diru kopuru jakin bat emango diola minbizia duen haur bati edo azken belaunaldiko mugikor bat jasoko duzula. Eserita al zaudete? Ba egon horrelaxe, mugikorraren zain bazaudete aspertuko zarete-eta. Mezu asaldagarri bat jasotzen baduzue, bilatu albistea Interneten eta horrela jakingo duzue HOAX bat den edo ez.  Mezu horien helburua helbideak eskuratzea izaten da. Horregatik, gogoratu, mezu bat birbidaltzen duzuenean, oso garrantzitsua dela mezua jaso dutenen helbide guztiak ezabatzea eta helbide berriak ezkutuko kopia gisa jartzea.

 

Spywarea: Ordenagailuan instalatzen den programa bat da. Informazioa kanpoko unitate batera bidaltzen du jabearen baimenik gabe. Aplikazio honek erabiltzailearen nabigazio-ohiturei buruzko datuak biltzen ditu; hau da, non sartzen den, zer estekatan egiten duen klik… informazio hori, gero, enpresa pribatuei saltzen zaie eta batzuetan, berenganatutako erabiltzaileen profil zehatzak sortzea lortzen dute.

Rootkit: Sistema eragilea aldatzen du eta, horrela, malwarea ezkutuan egoten da. Malware arriskutsuenetako bat da.

Joke: Txantxa informatikoak dira. Pentsa ordenadorean lanean ari zaretela eta, bat-batean, igel bat agertzen dela pantailan saltoka.

Spam-a: Posta elektronikora iristen diren mezuak dira, normalean, publizitatea. Etxeko postontzian gertatzen denaren oso antzekoa da. Egun batzuetan postontzia husten ez badugu, publizitatez eta gutunez betetzen da. Une batetik aurrera ez dago beste ezerentzako tokirik. Oro har, ez zaigu publizitatea axola, baina zer gertatzen da udaletik zergaren bat ordaintzeko eskatuz bidali dizuten gutuna iristen ez bazaizu? Gauza bera gertatuko litzaiguke postontzi elektronikoa Spam mezuz beteko balitz; garrantzitsuak diren mezu horiek galdu egingo genituzke.

Hurrengoan, kutsatzea ekiditeko hainbat urrats erraz erakutsiko dizkizuegu. Hala ere, gogorarazi nahi dizuegu malwarea gripea bezalakoa dela; ondo jantzi eta C bitamina hartu arren, ezin da beti saihestu.