6 prestakuntza-ibilbide berri eta ikastaroen pixkanakako eguneraketa.  KZguneak trebakuntza-eskaintza berriarekin ekin dio 2012ari. Hemendik aurrera, KZguneko 70 mintegitik gora behar bezala sailkatuta egongo dira gai hauetara bideratutako 6 prestakuntza-ibilbidetan: administrazio elektronikoa, oinarrizko Internet, software librea, Google kudeatzeko tresnak, sare sozialak eta multimedia alorra.

Hori horrela, diziplina horietako edozeinetan trebatzeko interesa duen erabiltzaileak prestakuntza-ibilbide osoa edo interesatzen zaizkion mintegiak soilik egitea aukeratu ahal izango du. Horrez gain, ibilbide bakoitzak ikastaro osagarriak ditu, erabiltzaileari ezagutzak zabaltzen laguntzeko.

6 prestakuntza-ibilbide horiek KZguneko trebakuntza-eskaintzan lehendik zeuden hainbat ikastaro eta berriki eskainitako beste hainbat biltzen dituzte. Lehendik zeuden ikastaroei dagokienez, KZguneko taldea horien edukia eguneratzeko eta etorkizunean trebakuntza-eskaintza guztia jasoko duen Moodle plataforma berrira egokitzeko lanean ari da.

Hemen zehaztuta dator trebakuntza-eskaintza berria:

  • e-Administrazioa. Ikasi Eusko Jaurlaritzarekin, Foru Aldundiekin, Udalekin eta Administrazio zentralarekin izapideak on line egiten.
  • Google Apps. Ezagutu Googlek gure esku jartzen dituen tresnak, gure antolaketa pertsonalean eta enpresaren antolaketan laguntzeko.
  • Oinarrizko Internet. PCa ezagutzen, Interneten nabigatzen edo posta elektronikoa erabiltzen ikasteko.
  • Irudia eta soinua. Irudia eta soinua editatzeko tresnak erakusten dizkigu, hala nola Gimp, Picnik edo Audacity programak.
  • 2.0 sare sozialak. Ikasi sare sozial ezagunenetan nola mugitu.
  • Software librea. Ikusi abantailak, ezagutu Ubuntu sistema eragilea eta ikasi OpenOffice-an lan egiten.
  • Beste ezagutza batzuk. Aurreko alorretan biltzen ez diren, baina trebakuntza osatzeko oso interesgarriak diren mintegiak biltzen ditu.