Europako Telezentroen Elkarteak, Telecentre Europe AISBL-k, komunikatu ofiziala zabaldu du bere erabateko desadostasuna agertzeko espainiar estatuko administrazio batzuek Internet sarbiderako zentro publikoak ixteko hartu duten erabakiarekin.

Autonomia erkidego batzuek (Asturias, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Errioxa eta Alacant) telezentro sareak ixteko erabakia hartu dute, aurrekontu murrizketen eraginez.

Europako Telezentroen Elkarteak bere kezka agertu du erabaki honengatik, eta Espainiako Gobernuari eta Europako Batzordeari eskatu die “beharrezko neurriak hartzeko, bertan behera ez uzteko informazioaren gizarteari lotutako ekonomia berrian horren eraginkor izaten ari den azpiegitura hau, kontuan izanik gainera enplegu gehien sortzen duen sektorea dela (6 enplegu Interneti loturiko ekonomian, 1 enplegu ekonomia tradizionala izenekoan), enplegua sortzea horrenbeste behar duen herrialde batean”.

Komunikatuak espainiar telezentroen garrantzia nabarmentzen du, eta berrikuntza eredu direla dio, Europako Internet sarbiderako sare publikoentzat. Gaur egun, Telecentre Europe elkarteak 30 Telezentro Sare biltzen ditu. Espainiako telezentroak erreferentzia dira, Internet sarbiderako “Telezentro” publikoak “Telezentro 3.0” gizarte berrikuntzarako gune bihurtzeko prozesuan, oinarritzat hartuz berrikuntza, talentuaren kudeaketa, giza kapitalaren balioa eta herritarren integrazioa ezagutzaren gizartean.

Komunikatu Ofiziala