Estatu osoko 8.000 telezentro baino gehiago biltzen dituen Telezentro Sareen Komunitateen Elkarteko Biltzarrak ekintza plan bat onartu du, Espainian telezentroak ixtea saihesteko eta telezentroak birmoldatu eta ekintzailetzan eta enplegu sorreran oinarritutako gizarte berrikuntzarako zentro bihurtzeko.
 
Autonomia erkidego batzuek telezentroak ixten hastea erabaki dute, eta ondorioz, garrantzi handiko baliabide teknologiko bat uka diezaiekete herritarrei. Teknologiaz hornitzeko eta teknologia berriei buruzko prestakuntza espezializatua eskaintzeko inbertsioek berebiziko garrantzia izan dute orain arte, lan aukerak bilatzeko eta enplegua sortzeko tresna gisa, baino orain, garrantzi hori galtzeko arriskua dago. Gainera, 2011n Telezentro Sareen Elkarteak egindako txosten batetik ateratako datuen arabera, kontuan hartu behar da Espainian sortutako 6 lanpostutatik 5ek eta 10 enpresa berritatik 7k informazioaren eta komunikazioaren teknologiekin (IKTekin) dutela zerikusia; testuinguru horretan hartu da, hain zuzen, telezentroak ixten hasteko erabakia.

Horregatik, martxoaren 14an Badajozen Telezentro Sareen Komunitate Elkarteak eginiko Ohiko IV. Biltzarrean gehiengoz onartu da Telezentroak ixtea saihesteko eta errentagarritasun eta bideragarritasun ekonomiko eta soziala duten zentro bihurtzeko plan estrategikoa abian jartzea. Telezentro Sareen Komunitate Elkartea 2008an sortu zen, IKTak herritarren esku jarri eta informazioaren gizartea sustatzea helburu duten eremu publikoak sortzen, dinamizatzen eta mantentzen dituzten erakundeak eta taldeak batzeko asmoz; KZguneak Elkarteko Lehendakariordetza betetzen du, hain zuzen ere. Elkarteak Espainiako 8.000 bat telezentro ordezkatzen ditu.

Planari jarraituz, Elkarteak lankidetza hitzarmen bat eskainiko die telezentroak ixtea erabaki duten autonomia erkidegoei, eta hitzarmena izenpetzen badute, Elkarteak bere gain hartuko du telezentroen kudetaketa, lurralde bakoitzaren premietan oinarritutako zerbitzu berriak eskaintzen hasteko. Hain zuzen ere, Asturias, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa eta Errioxako Autonomia Erkidegoei egingo die eskaintza hori Elkarteak.
Hartara, Elkarteak proiektu bat gauzatuko duela aginduko die lankidetza hitzarmena onartzen duten autonomia erkidegoei, berak kudeatutako telezentroak 5 urteko epean errentagarriak izateko helburuarekin. Elkarteak eskarmentu handia du informazioaren eta komunikazioaren teknologien laguntzarekin telezentro sareak kudeatzeko eta berrikuntza eta ekintzailetza proiektuak abiarazteko zereginetan, eta eskarmentu horretan oinarrituko da, hain justu, aipaturiko helburua betetzeko.  Gainera, bideragarritasun ekonomikorako plan bana egingo da sare autonomiko bakoitzerako, eta plan horietan, finantzaketa iturriak, erakundeen eta enpresen laguntza eta bete beharreko epeak adieraziko dira.

Bestalde, zailtasun bereziak dituzten telezentro sareei laguntzeko plan espezifiko bat ere egingo du Elkarteak. Egindako azken biltzarrean agerian gelditu ziren zailtasun horiek. Horrez gain, Elkarteak zenbait ekintza jarriko ditu abian, Red.es erakundearekin elkarlanean gizarte berrikuntzarako proiektuak eta gaitasun digital berriak sustatzeko proiektuak gauzatzeko, telezentroetan enplegua sortzeko.
Adierazitako guztia egiteko, lantalde espezifiko bat sortu da, espezialista onenek eta hainbat adituk osatutakoa, datozen bi urteetan planaren garapenaren jarraipena egiteko.

 Telezentroen Sareen inpaktu sozioekonomikoari buruzko ikerketa

Telezentroen Sareen inpaktu sozioekonomikoari buruzko ikerketa

Telezentroen Sareen inpaktu sozioekonomikoari buruzko ikerketa (Asociación Comunidad Redes de Telecentros)