Red Semilla FuerteventuraKZguneak gonbidatu berezi gisa eta Telezentro Sareen Komunitate Elkartearen ordezkari gisa parte hartu zuen Fuerteventurako Telezentroen Sareak, Red Semillak, garatutako ekimen baten aurkezpenean. Ekimenaren helburua telekomunikazio sistema berritzea eta gaur egungo satelite bidezko konexioa erabili ordez irrati loturako teknologia erabiltzea da (irrati uhinen bidezko konexioa). Berrikuntza horrek, gainera, sarearen banda zabalera areagotuko du eta hainbat gastu kenduko ditu; hortaz, Red Semillak uharteko landa guneetan sakabanatuta dituen 38 zentroetako ekipamendua berrituko du.

Topaketan, Txomin Alkorta KZgunea proiektuaren zuzendariak estatu mailan telezentro sareen azken berritasunak eta ekimenak aurkeztu zituen eta esperientziak trukatu zituen Fuerteventurako telezentroen arduradunekin. Halaber, Manuel Miranda Fuerteventurako Teknologia Berrien arloko aholkulari titularrak eta ekitaldia zuzentzearen arduradunak, bertaratuei azaldu zienaren arabera, sarean telekomunikazio sistema aldatzeak “asko aurrezteko bide emango du, telezentroek Internet sarera konektatzeko sortzen dituzten gastuei dagokienez; hots, 40.000 euro inguru aurreztuko dira hasierako kalkuluen arabera. Diru hori telezentroen ekipamendu informatikoak berritzeko erabiliko da”.

Fuerteventurako Teknologia Berrien Sailak uharteko telezentro sarearen funtzionamenduari eustearen alde egindako erronka indartzen du ekimen horrek; izan ere, oso interesgarriak dira, ezagutza transmititzeko eta herritarren berrikuntza sortzeko zentro gisa. Era berean, hainbat gai kudeatzeko baliabide baliotsua dira, hala nola talentua, giza kapitalaren balioa, kultura teknologikoa, jakintzaren gizartean sartzea eta gizarte global berrira konektatzea eta irekitzea.