KZgunea elkarrizketaAste honetan KZgunean elkarrizketa bat egin diogu Asier Arranzi. Teknologiazale porrokatu honek burmuina ideiaz beterik du eta hortan dabil buru-belarri: bere proiektuak errealitate bihurtzen saiatzen. Deustuko unibertsitatean telekomunikazio ingeneritza ikasketak burutu zituen eta ikasten zebilela Nebutek bere lehen startup-a sortu zuen. Komunikabide askotan azaldu izan da bere lorpenengatik eta oraingoan KZguneako blogean daukagu. Eskerrik asko. Iraganaz, orainaz eta etorkizunaz mintzo zaigu Asier. Bere erronka pertsonaletako baten inguruko gogoeta interesgarria ere egin digu: gizarte guztiak programatzen ikastea, nahiz eta oinarrizko maila batetan izan. Sarrera honetan Asierren berri izateaz gain, aspaldion guztion ahotan dabilen Google Glass tramankuluaz hitzegingo digu.

KZGUNEAK ASIER ARRANZ ELKARRIZKETATZEN DU

– Bizkaia, Madril, Bartzelona, Silicon Valley, Sao Paolo…auskalo nora joango zaren hurrengoan. Nondik zabiltza orain?

Madrilen nabil lanean eta bertatik hara eta hona nabil. Ameriketara joateko aukera bat izan nuen, baina azkenean Campus Partyko A+G zuzendari gisa lanean nabil. Sarritan Bilbo aldean ibiltzen naiz Basque Open Labsen bitartez etxeko txikientzat zuzenduriko heziketa jardunaldietan aritzeko, robotika, Google Glass eta abar.

Blogean daukazun bideoan zure lanbidea zein den argi erakusten duzu. Asko dira lantzen dituzun esparruak. KZguneako erabiltzaile askok beraiek gurekin burututako ikastaroetan gehiago praktikatu behar dutela azaltzen digute baina denbora falta dutela. Zer tresna teknologiko IKT erabiltzen duzu era eraginkorrean?

“Jardun zehatzik gabeko gizona” bezala ezaguna naiz eta egia esan horren aldekoa naiz, teknologia asko erabiltzearen aldekoa. Proiektu zehatzetarako onuragarria da anitza izatea teknologia arloan. Erabiltzen ditudan tresnen artean Calendar dago. Eguneroko jarduna antolatzen laguntzen dit. Workflowy ideiak zehaztu eta gordetzeko. Skype talde lanak koordinatzeko erabiltzen dut eta azkenik di.fm musika entzun eta erritmo onean ibiltzeko.

– Diotenez Teknologia berriekiko ezjakintasuna desagertzen eta jauzi digitala txikitzen ari da. Egia ote? Ordenagailu bat pizten ez dakien norbait ezagutzen al duzu?

Bai, ezjakintasuna teknologia berriekin desagertzen ari da. Bi arrazoiengatik, alde batetik makinak pertsonak ulertzen ari direlako eta bestetik makinek gizakia ulertzen dutelako. Hau funtsezkoa da, edozein amamarengana iPad bidez aldizkari batekin joaten banatzaio dida batean bera irakurtzen hasiko da, orriz orri, zoomak egiten… Gero eta naturalagoa da teknologiaren erabilera.

“Makinek gutaz ikasten duten bezala eurekin modu naturalago batetan elkarri eragiteko, Internetek gauza berdina egiten du gurekin”

– Gaur egun Web mundua aldaketa etengabean ari da, hurrengo urratsa web semantikoa izango omen da. Zer den esango zeniguke?

Aurreko galderaren erantzunarekin zerikusia dauka emango dizudan erantzunak. Makinek gutaz ikasten duten bezala gero eta era naturaleago batean, internetek beste horrenbeste egiten du. Hemendik gutxira gura dugun informazioa etorriko zaigu zuzenean: Ezagutu beharko genituzkeen lagunak, denbora gutxian joango garen tokiak bilatu gabe, autobus geltokietan gure neurrira eginiko iragarkiak ondoan egoteagatik eta abar luze bat. Uste baino lehenago gertatuko da guzti hau. Jantzi teknologikoek (wearables), Google Glassak adibidez, modu erabat naturalean informazioa jasotzea ahalbidetuko dute.

“Jantzi teknologikoek modu askoz naturalago batetan informazioa jasotzea ahalbidetuko digute”

– Ideia txiki batekin mundua aldatzea. Zer gomendio emango zenieke alfabetizazio teknologikoan hasten diren erabiltzaileei mundu digitalean barneratu daitezen?

Maila oinarrizkoan programazio munduan sartzeko aholkatuko nieke hasiberriei. Langabezian dauden hainbat langile ber-hezitzeko helburua daukat. Uste dut urte eskas batean informatikan ohitu gabeko pertsonek lanbide berri bat ikas dezaketela. Ez heziketa zentroetan ezta unibertsitatean ere, ez da era atsegin baten erakusten programatzen eta horrexegatik dute beldurra. Programazio ikastaroetan programatzen ez dakien hainbat lagun izan ditut, baina lehenengo egunean beraiek egindako  fondo zuri batean koloretako bolekin jolasten ibiltzen direnean asko animatzen dira.

IKT alorrean langabezirik ez dago, maila baxuko langileak lana topatzen ari dira, eta goi mailakoak soldata handiak jasotzen dituzte. Langabezian dauden lagunentzat lana aurkitzeko aukera handiak daude.

“Alfabetizazio digitalarekin hasten dauden pertsonei esango nieke sartzeko buru-belarri programazioarekin, oinarrizko mailan bada ere”

-Elkarrizketa bukatzeko azken galdera. Gure erabiltzaile askok “Google Glass” betaurreko ospetsuen berri izan dute. Zer diren azalduko diguzu? Zer abantaila eta desabantaila dituzte?

Google Glassekin lan egiten dut, ikaragarrizko aurrerapausoa dira. Informazioa begiradan erabat modu naturalean aurkezteko lehen tramankulu gisa oroituak izango dira. Prototipo bat besterik ez dira eta bide luzea dago modu naturalean erabiliak izateko. Teknologiaren garapena itzela da eta ez ninduke harrituko bost bat urteren buruan ohikoak izatea sarera konektatuta dauden betaurrekoak erabiltzea.

______________________________

Martxoaren 15ean Asier “Bilbao Bizkaia Robotics Meeting”-en izan genuen Bilboko Alhondigako Teknologi laboratorioan. Haurrek Google Glass, droneak, Leap Motions, Errealitate anitza, Oculus Rift, Robots, Lego Mindstorms bezalako tresnak erabili zituzten. Scratcherekin mugikorretan programatzen ere ibili ziren, besteak beste. 350 bat umek partehartu zuten Teknologi laboratorio hauetan.

Eskerrik asko Asier zure jakintza gurekin partekatzeagatik eta elkarrizketa honetan parte-hartzeagatik. 😉

KZgunea elkarrizketa