KZguneak Maite Goñi euskal eta Ingeles filologian lizentziatua elkarrizketatu du. Maite Mondragon Unibertsitatean eta Ordiziako Jakintza Ikastolan irakasle lanetan dabil. Azken honetan, euskaljakintza proiektuarekin, bere erronka nagusia Hizkuntzen irakaskuntzan IKTak txertatzea da eta zentzu honetan hainbat ekimen aurrera atera ditu, sari ugari jasoz. Bestalde, Mondragon Unibertsitatean IKTak hezkuntzan eta eLearning arloan dabil.

maite goñiri elkarrizketa

MAITE GOÑIRI ELKARRIZKETA

Maite, kontaiguzu, nola txerta daitezke IKTak hezkuntzan?

Txertatu baino gehiago, garai hauetan naturaltasun osoz jakin beharko genituzke erabiltzen Informazio eta Komunikazioa Teknologiak hezkuntzan. Errealitatea da, baina, oraindik asko falta dela horretarako. Informazio eta Komunikazio Teknologiek -hezkuntza mundura ekarrita, Aprendizaia eta Ezagutza Teknologiek- eskaintzen dizkiguten aukerak ezagutzea eta baliatzea ezinbestekoa da egungo edozein profesionalentzat, zer esanik ez hemendik urte batzuetara lan mundura irtengo diren ikasleentzat: informazio eta edukien kudeaketa, komunikazio alorra, edukien sorkuntza, segurtasunaz jardutea… Hori guztia aurrera eraman ahal izateko, ezinbestekoa da irakasleon konpetentzia digitala garatzea.

Irakasleek zer ezagutza izan beharko dute teknologia berrietan beraien lana aurrera ateratzeko?

Irakasleen konpetentzia digitala, arestian aipatutako alorretan, ezinbestekoa da. Plano zehatzagora eramanez, egungo irakasleok, besteak beste, ondorengoak egiteko gaitasuna izan beharko genuke: marka-gune sozialak erabiltzeko (Diigo, Delicious…), ikasleekin baliabideak/gogokoak partekatzeko; multimedia (irudiak, bideoak, audioak…) editatu eta argitaratzeko; blogak, wikiak, web orriak…sortzeko; sarean segurtasunaz jarduteko; sareko edukia artatzeko; baliabide digitalak sortu eta partekatzeko; bilaketak modu eraginkorrean egiteko eta, batez ere, nork geure  buruaren formazio beharrak detektatzeko gaitasuna izan beharko genuke.

“Aprendizaia eta Ezagutza Teknologiek- eskaintzen dizkiguten aukerak ezagutzea eta baliatzea ezinbestekoa da egungo edozein profesionalentzat”

MOOC ikastaroen berri eman genituen blog honetan duela gutxi, hezkuntza munduan etorkizunean garrantzia izango dutela uste duzu ala iragango den moda bat dira?

MOOCen inguruan azkenaldian egondako eztabaidak (negozio eredua, pedagogia…)  alde batera utziz, nik uste dut bide berri bat zabaldu dutela eta horrek ez duela atzera bueltarik: teknologiak aukera ematen du jakintza askoz ere jende gehiagorengana eta toki gehiagoetara iristeko, eta nik horixe azpimarratuko nuke. Nork imajina zezakeen  duela gutxi izen handiko unibertsitateetako irakasle eta ikastaroetara heltzea konexioa duen edonoren esku egongo zenik?

Nola hobetu dezakete teknologia berriek gaur egungo hezkuntza?

Zalantzarik ez dut teknologiak ikaskuntza-irakaskuntza prozesua hobetzen lagun dezakeenik. Errazagoa da orain, teknologiari esker, informazio iturri ezberdinetara heltzea, elkarrekin lan egitea, edukiak sortzea, partekatzea, argitaratzea, bisita birtualak egitea… Modu egokian erabiliz gero, ikasleen motibazioa igotzeko ere baliagarriak izan litezke.

“Teknologiak pisu handia izango duena eta nork bere ikasketa prozesuan ardura gehiago izango duena”

Hemendik hamar urtetara nolakoa izango da hezkuntza mundua?

Zaila da horri erantzutea, baina azken joerei erreparatuz, gelako lau paretak gaindituko dituena, hau da, nonahikoa; denbora mugarik gabekoa (24 ordu/7 egun); sozialagoa (sareko elkarrekintzek garrantzi handia hartuko dute), pertsonalizatuagoa (datuen analisiek ikasketa ibilbide pertsonalagoak egitea ahalbidetuko dute), teknologiak pisu handia izango duena eta nork bere ikasketa prozesuan ardura gehiago izango duena.

Orain dela pare bat aste Software libreari buruz hitz egin genuen, zer tresna libre erabiltzen duzu egunero?

Asko. Batzuk aipatzearren, egunerokoan Firefox nabigatzailea, Moodle eta WordPress plataformak, GIMP irudi editorea… Oso garrantzitsua iruditzen zait software librearen aldeko apustua egitea. Are gehiago, nik uste dut eskola guztietan software librea bultzatu beharko litzatekeela, eta ikasleei horren garrantziaz oharrarazi.

“Zalantzarik gabe, teknologiak ate berriak zabaldu dizkio hizkuntzen irakaskuntzari”

Gaur egun umeek lehen bezala ikasten dute edo IKTak ikastoletan sartu egin direnez ikasketa modua ere aldatu egin da?

Egun, alde handia dago ikastetxe batzuen eta besteen artean, IKTen erabilerari dagokionez. Pixkanaka-pixkanaka IKTen erabilera areagotzen ari bada ere, funtsean, espero zena baino gutxiago aldatu da eskolak emateko modua horrek esan nahi duen guztiarekin (eskaintzen dituzten aukerei uko egitea, konpetentzia digitalaren garapen eskasa…)

Nolako eragina izan dute teknologia berriek euskara ikasten ibili direnengan eta euskararen erabileran?

Zalantzarik gabe, teknologiak ate berriak zabaldu dizkio hizkuntzen irakaskuntzari. Hortxe daude, esate baterako, euskaltegi eta erakunde ezberdinek eskaintzen dituzten online ikastaroak, euskara ikasteko sortu diren aplikazio ezberdinak, denon eskura sarean ipini diren baliabideak, online mintzalagunak… Euskararen erabilerari dagokionez, kontuan izan behar da euskal komunitatea interneten txikia bezain ekimentsua dela. Ekimen horren lekuko dira euskaratu diren programa eta aplikazio guztiak; euskal Wikipediak hartu duen lekua, hiztun eta artikulu kopuruari erreparatuta… Azpimarratzeko adibide ugari dago zentzu horretan. Ez da ahaztu behar, baina, hori ez dela nahikoa ingelesa edo gaztelaniaren presentziari aurre egiteko. Edukiak behar dira eta, beste edozein esparrutan bezalaxe, hiztunon borondatea eta ekimena komunikazioa euskaraz eman dadin.

Nola animatuko zenituzke gure erabiltzaileak IKTeetako tresnak erabiltzen ikastera?

Egunerokoan ekar ditzaketen abantailak ikusaraziko nizkieke adibide errealekin (informazio iturri ezberdinetara heltzeko erraztasuna, denbora aurrezpena, komunikatzeko erosotasuna…). Horretaz gain, dauden aukera anitzak erakutsiko nizkieke eta nork beretzat interesgarrienak diren tresnetatik hasteko aholkatuko nieke.

Eskerrik asko Maite! 😉