Kaixo KZguneako lagunok! Hementxe nabil, dagoeneko oporrak prestatzen. Urtero bezala, huts egiten ez duena, nire liburuen bilduma da. Nirekin ados egongo zarete, oporrak unerik aproposena dela liburuak irakurtzeko, ezta? Baina, beste aldi batzuetan ez bezala, ez dut nirekin liburu guztiak eraman nahi, asko okupatzen eta pisatzen dute. Ez dakit, gauza berriak probatu nahi dut.

Nire lagun batek, Inaxik hain zuzen ere, komentatu dit berak liburuak liburu elektronikoaren bidez irakurtzen dituela. Hasiera batean arraro samar dela baina apurka-apurka ohitzen joaten zarela eta azkenean erabat gustatzen zaizula. Medikuak aholkatu zion berari, ez baitu tutik ere ikusten, eta liburu elektronikoari esker, letrak handitu ditzakenez, arazoari konponbidea eman dio.

KZguneara hurbildu naiz eta beti bezala hain jatorra den Jonek azaldu dit nire tableta erabil dezakedala lasai lasai liburu digitalak bertan irakurtzeko. Jarraian, programa bat instalatzen lagundu dit, liburu elektronikoak irakurri ahal izateko. Eta azkenik, eLiburutegia zerbitzua gomendatu dit dohainik liburu digitalak eskuratzeko.

eLiburutegia Eusko Jaurlaritzako zerbitzu bat da liburu digitalak maileguan hartzeko. Ohiko liburutegiak bezalakoa da, baina hemen liburu digitalak -uste dut ebook deitzen direla ere bai- hartu ditzakezu maileguan zure euskarrian deskargatu ahal izateko. Liburutegiak, hizkuntza ezberdinez osatutako katalogo bat du, euskarazko, gaztelerazko, ingelesezko, frantsesezko… tituluekin. Maileguan gehienez hiru liburu har ditzakezu hiru asteetan zehar. Ederki orduan! Hori baita oporretan kanpoan egongo naizen denbora.

Orrialdean identifikatu bezain laster – liburutegiko erabiltzaile eta pasahitzari esker, katalogoko zenbait titulu begiratu ditut: “Manolitaren hiru ezkontzak”, Almudena Grandes-ena; “Arotzaren eskuak”, Alberto Ladrón Arana-rena, eta “Tunela”, Ernesto Sabato-rena. Joneri esker liburuak tabletera nola jaisten diren ikasi dut eta probatzeko unea iritsi denean… badakizue zer? Esperientzia ikaragarria izan dela!

Ai ene, oso hunkituta nabil nire tablet-ari erabilera berri hau emateagatik. Oporretatik bueltatzen naizenean irakurtzen ditudan liburuen kritika egingo dizuet. Ordura arte ondo ibili!

Oporretan irakur ezazu, Kontxi bezala eginez: eLiburutegian sartu eta hautatu itzazu zure liburu digitalik gustokoenak… Ez zara damutuko!