Kaixo KZguneako lagunok! Teknologia berrien menpe nabil… Gogoratzen duzue nola orain dela gutxi esan nizuela ez nuela gastatuko diru gehiago aparatu teknologikoetan? Ba hitz egiteagatik: telebista… bai kutxa tentel hori… hondatu zaidala. Kontua da konpontzera eraman dudala baina saltzaileak esan dit ez duela merezi, hobe dudala telebista berri bat erosi.

Momentuz telebista ez erostea erabaki dut, egia esanda ideia handirik ez dudalako. Neure buruari galdetu diot, Kontxi… Zergatik ez diozu Joneri galdetzen? Seguru gai honetaz zu baino gehiago jakiten duela… Halaxe egin dut, eta Jonek beti bezala, ez dit hutsik egin. Hitzaldi batera joatea gomendatu dit Azken gailu teknologikoak ezagutu” izenekoa. Bertan, gai askoren artean, telebisten inguruan hitz egingo da.

Hantxe aurkeztu naiz beste hogeita hamar bat lagunekin batera, denak azken tramankulu teknologikoen inguruan jakiteko nahian. Lehenik eta behin, smartphonen inguruan dauden azkeneko produktuen berri hitz egin da: pantaila motak, kamarak, bateriak, memoria…

Horren ostean gai garrantzitsua etorri da. Niretzat behintzat. Telebistak. Orduan ezagutu dut kontzeptu berri bat: Smart TV-arena edo telebista azkarrarena. Ez da gutxiagorako. Zer gertatu zaie telebistei? Noiztik egin daitezke ezagutzen ez nituen hainbeste gauza? Zur eta lur gelditu naiz, telebista ikusteaz gain, Internet-en nabigatu, korreora edo sare sozialetara sartu, edukiak deskargatu, app-ak instalatu -multimediazko edukiak ikusi edo jolastu-, musika entzun eta halako gauzak posibleak direla jakin dudanean. Horrez gain, telebista kanal gehienek aplikazioak dituztenez, horiei esker egunen batean galdutako programak ikusi ahal izango ditut nahi dudanean.

Hitzaldian zehar tramankulu teknologiko gehiago ezagutzeko aukera eduki izan dut. Horietako batzuk, niretzat behintzat, oraindik ere urruti samar ikusten ditut. Esate baterako, 3D inprimagailuak, objektu ugari euren tamaina errealean erreproduzitzeko gai diren aparatuak. Edo errealitate birtuala edo errealitate gehitua, errealak diren lekuak simulatzen duen teknologia berritzaileak.

Arreta piztu dizkidan beste objektu batzuk ere azaldu dira. Eta zergatik ez, gerta daiteke etorkizunean baten bat eduki ahal izatea… adibidez smartwatch-a edo eskumuturreko azkarrak, jarduera fisikoa kontrolatzeko gauza direnak. Modu honi esker zenbat kaloria gastatu ditudan jakingo dut!

Hitzalditik oso konforme atera naiz. Ez dut denbora galdu, gauza berri ugari ikasi ditudalako. Berriro dendara telebistak ikustera joaten naizenean, ziur naiz saltzaileak esaten duen guztia ulertzeko gauza izango naizela. Agian lanpostua kentzen diot. Beno, ondo pentsaturik, ez zait komeni, erretiroan ondo nabilelako… jajaja

Azken gailu teknologikoak ezagutu” hitzaldiari esker erabiltzen ari diren azkeneko aparatu teknologikoak ezagutuko dituzu. Ez ezazu galdu.