Kaixo KZguneako lagunok! Zelan zaudete? Ni hementxe, nire smartphonarekin guztiz haserreturik. Lagunei mezuak bidaltzeko erabiltzen dudan Whatsapp-eko aplikazioak eguneratzea eskatu dit. Ba eguneratzeko botoiari ematerakoan esaten dit ezin duela mugikorrak ez duelako behar adina espaziorik gordetzeko. Nola da posible? Tramankuluak urte bete besterik ez du eta dagoeneko arazoak ematen ari… Hori ez delako arazo bakarretako bat, eh? Zerrenda luzea delako… Ai ene, hau da hau ezinegona…

Azkar-azkar KZguneara joan naiz laguntza bila, hain blokeaturik nagoenez eta… Ez dakit ze pentsatuko duen Jone irakasleak nitaz, ze nekagarria naizen seguru… arrazoi duelako gainera. Behin eta berriz ari naiz tutoretzak eskatzen ikastaroetan sortutako zalantzak argitzeko asmoz.

Jone, beti bezala, oso jatorra da nirekin. Lasai hartzeko esan dit, mugikorrarekin pasatzen zaidana oso normala omen da jendartean: “mugikorra ondo mantentzeko gauza pare batzuk jakitea besterik ez zaizu falta Kontxi” esan dit. Eta nik erantzun diot: ¿bakarrik gauza pare batzuk? Nik uste gehiagotsu izango direla… Jonek dio SD txartel batekin dena konpondurik egongo dela. Ederki orduan, baina… Nola jartzen dut? Nola esaten diot mugikorrari gauzak txartel horretan gordetzeko? Ai ene Jone, arren, lagun nazazu… ikastaro batean apuntatu!

Dirudienez, nire erreguak arrakastatsuak izan dira, Jonek zuzenean hitzaldi batean apuntatu nauelako, Zure smartphona prest izan, deiturikoa. Bertan, ni bezalako pertsonak aurkitu ditut: galduak. Oso galduak.

Hezitzaileak mugikorretako baterien mantenimenduen inguruan aritu da ikastaro hasieran. Gauza interesgarriak kontatu ditu. Adibidez, nik pentsatzen nuen bateria agortzerakoan kargatu behar zela. Dirudienez ez, gomendatzen da %15-20 gelditzen denean bateria kargatzea. Eta energia aurrezteko aukera? Ba ideiarik ez. Dirudienez, norbaiten deia itxaroten badugu eta eskas bagaude bateriarekin, aukera honek mugikorreko funtzio batzuk desaktibatzen ditu bateria luzatuz. Aukera ederra mugikorra ez itzaltzeko, bai horixe!

Horrez gain, irakasleak erabiltzen diren memorien inguruan aritu da. Adibidez, barneko memoria mugikorrak duen berezko biltegia da, aplikazioak, artxiboak etab. gorde ahal izateko. Bestalde, kanpoko memoriak -SD izenarekin ezagutzen dena ere bai- guk geuk mugikorrean txertatzen dugun memoria dugu, orokorrean, dokumentuak, argazkiak… hau izango da Jonek esaten zuena! Ba bai, halaxe da.

Konforme. Eta, behin SD txartela sartuta daukagunean, nola egingo dut barneko biltegian edo SD-an gordetzeko? Irakasleak zorionez honen inguruan ere hitz egin digu. Doitze botoian, biltegiko atalean, egiaztatu dezakegu mugikorreko gauza bakoitzak non dagoen sartuta. Hemendik, ziurraski leku batetik bestera aldatzeko aukera izango dugula. Hain erraz erakutsi digu irakasleak prozedura… Zergatik etxera heltzerakoan hain zaila dirudi?

Ikastaroa, beti bezala, oso interesgarria iruditu zait. Nik mugikorrean trebatuko naiz zer arraio… Zer edo zer galtzen edo borratzen badut… ba ez da ezer pasatzen… gerran gehiago galdu zuten, ezta? Hurrengora arte!