Kaixo KZguneako lagunok! Zer moduz zabiltzate? Olentzerori gutuna dagoeneko idatzita edukiko duzue, ezta? Egun gutxi barru emen izango dugu… Ziur naiz ondo portatu bazarete, eskatu diozuen guztia ekarriko dizuela. Eta Olentzerok eskatutako hori ekartzen ez badizue, hala izan behar delaren seinale… zioen nire amak…

Ni hementxe nabil, gabon gaueko afaria prestatzen… Etxean familia osoa biltzen gara: seme-alabak, errainak, suhiak, ilobak, errainak datozela esan dut? Bai, eurak ere bai noski. Afaldu, turroi batzuk jan, eta elkarren artean topa egin eta gero, urtero bezala gabon kanta batzuk abestea eskatuko didate… Ikusiko dugu gaua aurrera joan ahala animatzen naizen zerbait abestera…

Aizue, a zer nolako astea eduki dudan nire sukalde errezeten blogean. Tabletak kea dario! Hainbeste ospakizunekin, jendea erotu egiten da sukalde kontuetan. Hau prestatu nahi dudala gonbidatuak harrituta uzteko, hau egin behar dudala gauza berriak dastatzeko… Aholku bat emango dizuet, batez ere gonbidatuak jasotzen dituztenentzat: gauza berririk ez. Ezagutzen dituzuen errezetak egin itzazue. Urte osoa daukazue sukaldean errezeta berriak trebatzeko. Gainera, egun hauek ez dira sukaldean igarotzeko, familia artean baizik. Sukaldariek ere disfrutatzeko eskubidea daukazue. Hala uste dut nik, behintzat.

Bestalde, gabonak lagunei opatzeko garaian, erraz egingo dut aurten. Ordenagailuan zein smartphonean nahiko ondo moldatzen naizenez, email bat bidaliko diet bai lagunei bai senitartekoei, gabon argazki batekin, eta ziurrenik beste bat Whatsapp-eko aplikazioa erabilita. Ze ondo!

Eta besterik gabe lagunok, jai zoriontsuak pasa, eta goza ezazuelako opatuz agurtzen zaituztet… Eguberri on guztioi!