Kaixo KZguneako lagunok! Zelan zaudete? Dexente nostalgiko nabil ni azken egun hauetan. 2017. urtea amaitzear da eta, atzerako jauzia eginda, onartu behar dut urte ikaragarria izan dela niretzat. Dakizuenez, orain dela pare bat urte erabaki nuen teknologia berrien mundu honetan sartzea. Hasieran esan behar dut uzteko tentaldiak eduki nituela, neure buruari esaten niola: Kontxi hau ez da zuretzat. Gaur, 2018. urtea iristeko egun batzuk falta direla, esan dezaket gai naizela nire kabuz teknologia berrietan aritzeko -gutxi gorabehera-. Familiari eskerrak eman nahi nizkioke ibilbide luze eta gogor honetan zehar emandako animoengatik. Baina batez ere, KZguneako taldea osatzen duten pertsona guztiei eskerrak eman nahi dizkiet lerro hauen bitartez. Beraien laguntzarik gabe ezinezkoa izango zen hau guztia lortzea.

2017. urte honetan zehar batik bat konfiantzan irabazi dut. Ordenagailuarekin, tabletarekin zein smartphonarekin gauzak egiteko gauza naiz orain, lehen ezinezkoak zitezkeenak. Den-dena KZgunean eginiko aurrez-aurreko edo urruneko ikastaroei eta hitzaldiei esker izan da. Mugikorra deiak egiteko soilik erabiltzea bukatu da. Orain esate baterako, badakit nola instalatzen eta erabiltzen diren gauzak erosteko aplikazioak -Ebay-, baina baita bidaiak egiteko -Trafikoa-, musika entzuteko -Spotify-, edota kirola egiteko ere -Runtastic-. Sinestezina dirudi, ezta? Baina benetan ari natzaizue!

Eta zer deritzozue sukalde blog horren inguruan… “Kontxiren Errezetak” deiturikoa. WordPress ikastaroari esker, jendearekin partekatu dezaket nire zaletasunik maitatuena… Hori bai izan dela aurkikuntza! Halaber, “blogger” bat naiz… eta “Youtuberra”ere bai. Honen inguruan, esan behar dut hasieran kostatzen zitzaidan beste norbaitengandik grabatzen uztea, eta jendeak neuk egindako bideoa ikustea. Baina Youtubek abantaila ugari dituen tresna bat da, eta gero eta gehiago erabilia da!

Ikusten duzuenez, gauza ugari ikasi izan ditut 2017. urtean zehar. Eta aipatu gabe uzten ditudanak! 2018. urtea honen berdina izatearekin konforme. Hori bai, gauza bat badut oso garbi: KZgunean ikasten jarraitu nahi dut.

Lagunok, agur esateko momentua iritsi da. 2017. urteari itxiera ahalik eta ederrena izaten opa dizuet, baita 2018an sarrera on bat izaten ere. Datorren urtera arte orduan! Urte berri on guztioi!