Kaixo KZguneako lagunok! Hemen nabil zuekin beste aste bete batez. Beno harira. Pasa den egunean, nire ilobak etxera etorriko zirela jakinda, asko gustatzen zaizkien “coki” gaileta batzuk prestatzeari ekin nion. Ez duzue sinestuko baina labean sartu ahala konturatu nintzen tramankuluak ez zuela berotzen. Hori bai nire zortea! Supermerkatura joan behar izan nuen “coki” horien bila, eta gaitz erdi…

Etxeko seguruari deitu nion, tira, edozertarako ordaintzen dugulako, ezta? Horixe ba. Oso jatorra zen arreta eskaini zidan mutilak. Lasai egoteko esan zidan, teknikari bat bidaliko ninduela arazoa albait lasterren konpontzeko. Hori bai, aurretik, inprimaki bat bete behar nuela -ez zen hain erraza izango ez pentsa- esan zidan, arazoa zehazki zein zen azalduz. Horretaz gain, nire helbide elektronikoa eman nion… eta orduan hasi ziren arazoak.

Emailez bidali zidan inprimakia. Hura deskargatu, inprimatu eta eskuz bete nuen. Ondoren, eskanerretik pasa nuen. Honaino iritsita, dena ondo zihoan. Baina korreoan esaten zuen dokumentua webgune batera igo behar nuela pdf formatuan. Edo halakorik. Eta orduan neure buruari esan nion: Kontxi, ez dakizu zer pdf-arena egiten, laguntza behar duzu, hau askoz zailagoa baita. Eta badakizue norengana jo nuen, ezta?

Halaxe da! KZgunea, nola ez. Nire Jone kuttunarengana jo nuen, hori bai dela pazientzia neska honek duena. PDF artxiboek duten garrantziaz hitz egin zidan, batez ere beste norbaitekin informazioa partekatzeko garaian. Izan ere, PDF artxiboei esker, jasotzen duen pertsonari eskubidea ematen zaio dokumentua ikusi eta hura inprimatzeko – baina ez aldatzeko-, betiere PDF artxiboak irakurtzeko programa bat instalatuta baldin badauka, hala nola, Acrobat Reader.

Gainera, PDF-ek, sortutako jatorrizko artxiboak baino gutxiago pisatzen dute. Eta honez gain, horiek irakurtzeko bide ezberdinak daude: edo ordeinagailuan deskargatuz edota online moduan- alegia, Internet bidez-. Hau guztia badakit Jonen azalpenei esker, baina baita KZguneako webgunean dagoen autoformakutza ikastaro bati esker ere, “Adobe Acrobat Reader, PDF-en erabilera” deiturikoa.

Ezagupen horiekin guztiekin, pdf berria sortu dut, eta etxeko seguruko webgunean igo dut. Hurrengo egunean, teknikaria etxean azaldu zen. Labea berehala konpondu zuen. Amaitu zuenean, dokumentu bat sinatu behar izan nuen, badakizue zein zen? Aurreko egunean neuk bidalitakoa. Ikaragarria, ezta? Gero arte!

Ez ezazu aukera galdu eta “Adobe Acrobat Reader, PDF-en erabilera” delako autoformakuntza ikastaroa egin, KZguneako webgunean eskuragarri dagoena.