Robotika arlo konplexua izan arren, edonork maila ez oso konplexuetan erabili ahal izateko erraztu egin da. Ziur aski, noizbait jostailuzko robota ikusi duzula eta “Nola egiten dituzte? Seguru oso zaila dela…” pentsatu duzula. Alderantziz, Arduinori esker objektu bat automatizatu dezakegu edo oso konplexuak ez diren robotak modu errazean egin ditzakegu. Izan ere, 10 urtetik aurrerako umeek erabiltzeko egokitua dago.

Programazio mundua gustuko baduzu, ez galdu “APP Inventor. Sortu zure APPak” KZguneako urruneko ikastaroa egiteko aukera.

Zer da Arduino?

Arduino, kode irekiko prototipo plataforma da, hau da, edozer gauza egiteko gai den zirkuitoa sortzeko plataforma askea da. Robotika munduan hasteko egokia da, bere erraztasunagatik eta soldadura edo programazio ezagutza beharrik ez izateagatik.

Proiektu desberdinak eta sinpleak egiteko Arduino plaka eta beharrezkoak diren osagaiak dauzakan hastapeneko Arduino kit-ak eskuratu daitezke. Plaka hau sarrera ezberdinekin erabiltzen da: Led argiekin, sentsoreekin, bozgorailuekin, motorekin eta beste hainbat gailuen bidez inguru interaktibo edo objektu mugikorrak sortu ahal izango ditugu. “Arduino UNO” plakarekin egin ahal daitekeen proiektuetako bat beso robotikoa sortzea da.

Zergatik erabili Arduino?

Arduinoren erraztasunagatik eta bere kit desberdinek eskaintzen duten aukerengatik, Arduino aukera ona da robotikarekiko jakinmina izanez gero. Arduino gomendagarria da hurrengo arrazoiengatik:

  • Prezioa: Beste plataformekin aldaratuz, Arduino plakak oso merkeak dira.

  • Bakuntasuna: Programazio ingurua erabilerraza eta argia da. Lehen esan dugun bezala, Arduino erabiltzea erraza da, bereziki hasiberrientzat, hala ere, bere malgutasunagatik aurrera egiteko aukera ematen du beste maila batean dauden pertsonei.

  • Multiplataforma: Arduino Software-a bai Windows, Macintosh edo Linux-en erabili daiteke.

  • Kode irekia eta Software hedagarria: Erabiltzaile aurreratuei kode irekiko tresna bezala programatzeko aukera ematen die.

  • Kode irekia eta Hardware hedagarria: Zirkuitoen diseinugile adituei beraien moduluen bertsioa egiteko aukera ematen die, hau hedatuz eta hobetuz.

Zer egin dezaket Arduinorekin?

Egia esan, gauza mordo bat egin ditzakegu Arduinorekin, Google-en bilatu besterik ez dugu behar. Dena den, guk ideia batzuk emango dizkizugu zure egile-gosea pizteko:

  • Proiektu errazak: “Dadoak bota”, semaforo bat, erlojua, morse lengoaiako igorlea, beso mekanikoa, etab.

  • Proiektu ertainak: Oinarrizko alarma sistema, LED kuboa, punpuilak egiteko makina, zelatari kamera, eguzki energiaren bidez dabilen autoa, etab.

  • Proiektu aurreratuak: Ekitaldi batentzako fotomatoia, GPS-dun erlojua, metereologia estazioa, etab.