Kaixo KZguneako lagunak! Hemen nauzue zuei abentura berri bat kontatzeko. Ay ene! Ez dakizue Jon, nire semeak, Unax, nire bilobarekin duen nahigabea… Ikasgai batzuetan huts egin du ikastolan. Mugikorra duenetik, mutilak orduak eta orduak pasatzen ditu honi erantsita… eta 15 urte besterik ez ditu! Jada, nire semeari eta errainari pentsatzen dudana esan diet… eta zer pentsatzen dut nik? Ba mugikorra kendu behar izango luketela… Eta nire errainak ezetz, horrek ez duela ezer konpontzen. Tira, ba, ez dago ezer esatekorik.

Beraz, KZguneara bere gurasoekin etorri naiz. Uste dut inoiz ikastaroren bat egon dela nerabeak mugikorrekin egiten duten erabilerari buruz. Eta hain zuzen, Jone-k egiaztatu zigun. Bi orduko hitzaldi bat da, “Hobe aurre hartzea sendatzea baino. Nerabeak eta Smartphone-ak”. Beraz, hirurak eman genuen izena eta egun batzuk geroago hitzaldira joan ginen.

Hitzaldiak gaiaren inguruko atal desberdinek lantzen zituen. Lehendabizi sarrera bat egin ziguten gaurko egoerari buruz, nola teknologia berriak harremanetan egoteko ohiturak aldatu dituen, batez ere, nerabeengan, egunean zehar zazpi ordu mugikorrera jota egoteko gai bait dira eta adikzioa bihurtu daiteke. Adikzio honek pixkanaka familiatik urruntzen ditu eta lehen familiarekin egiten zituen gauzak egiteko gogoa gal dezakete.

Gainera, gazteek mugikorrekin egiten duten berezko erabileragatik sor daitezkeen beste arrisku batzuk daudela azaldu ziguten. Non sartzen dira? Norekin daude harremanetan? Hau dela eta azken urteetan oso arriskutsuak izan daitezkeen jokaerak sortu dira, adibidez “Grooming”, “Sexting” edo “Ciberbullyng”. Hauek oso kontuan izan behar ditugu.

Azkenik, kontroleko neurriak hartzeko aholku batzuk eman zizkiguten, nolabait egoerari aurre egiteko. Gauza guztiekin gertatzen den bezala, gailu hauen erabileran hezitzea ere garrantzitsua da eta batez ere gure seme-alabak… edo bilobak… eta non sartzen diren jakitun izatea.

Hitzaldia bikaina iruditu zitzaidan, KZgunean egon naizen onenetakoa. Nire semea eta nire erraina, poz-pozik irten ziren. Eta Unax-en jokaera mugikorraren erabileran hobetzeko moduari buruz ideiak argitu zitzaizkien… Beno, kontatuko dizuet nola doazen gauzak… Hurrengora arte!