Kaixo KZguneako lagunok? Zelan zaudete? Hementxe nabil Google-en bidez gauzatxo bat bilatzen eta ez dago modurik… Internet-eko oinarrizko ikastaroan ikasitako guztia ahaztu egin zait? Trebetasunak galtzen hasia nago? Ai ene, Kontxi…

Jonekin hitz egin dut eta esan dit lasaitzeko, hori oso normala dela. Berari noizean behin pasatzen zaiola, Google-en zer edo zer ez aurkitzea. Komentatzen dit bilaketak zehaztu behar ditudala, hitz gakoak erabili… baina hori guztia dagoeneko egin dut! Eta ezertxo ere ez dut eskuratzen! Gaitz erdi Jonek zenbait trikimailu gogorarazi dizkidala. Aholku horiekin ea gai naizen Google-en bidez nahi dudan guztia aurkitzen.

Esaterako… ba al zenekiten izartxoa (*) erabili daitekeela, esaldi bateko aldaerak zeintzuk diren jakiteko? Baietz ba… bilatzailean “nola egin tarta (*) ipiniz gero, honek tarta ezberdinak egiteko aukera eta modu ezberdinak emango dizkigu: marrubikoa, txokolatekoa, gaztakoa…

Eta beste aholku bat. Adibidez, epe jakin batean gertatutakoa jakin nahi izanez gero, (..) ikurra ipinita lortuko dugu. Adibidez: premio planeta 2010..2017 ipinita, epe horretan Planeta saria irabazi dutenen idazleen zerrenda agertuko zaigu.

Baina esaldi bat Google-en zehatz mehatz bilatu nahi baduzu, betiere kakotxa ikurrak ipinita (“) lortuko dugu. Adibidez, “el hombre que susurraba a los caballos” ipinita, esaldi zehatz horren emaitzak eskuratuko dituzu. Aldiz, (-) ikurra ipinita, hitz hori bilaketen emaitzetan saihestuko dugu. Alegia, “el hombre que susurraba -a los caballos” esaldia ipinita, “el hombre que susurraba”-ren inguruko emaitzak lortuko ditugu. Ikaragarria, ezta?

Ai ene, ahazten zitzaidan! Beste trikimailu on bat. Gai baten inguruan zer edo zer deskargatu behar baduzu, “filetype” hitza ipinita lortuko dugu. Artxiboak, testu dokumentuak, argazkiak… paregabea!

Azkenean aurkitu dut Google-en bilatzen ari nintzena… baina ez dizuet kontatu zer zen! Tira, hobe horrela izatea… nitaz barre egingo zenuten eta… sekretupean gordeko dut… Gero arte!

Badakizue… eutsi Google-i!