Kaixo KZguneako lagunok! Zer moduz! Nik poz-pozik betiko legez. Gaur nire azkeneko abentura kontatzera nator, teknologia berrien mundu polit -baina zorrotz- honetan. Suposatzen dut badakizuela sukaldaritza kontuetan ondo baino hobeto moldatzen naizela -hala esaten dute-, eta, hori dela eta, webgune bat ireki nuela, KZguneako WordPress ikastaroa egin ondoren. Webgune horretan, nire errezeta ezagunenen berri ematen dut: bakailaoa pil-pilean, tortilla saltsan, karrilerak Kontxi erara… ¡hori bai gosea hori!

Webgunea, arrakastatsua da, nire mugak zeintzuk diren jakinda. Iruzkinen bat jasotzen dudanean, erantzuten dut. Eta horrelaxe. Baina, bestelako sukaldaritza webguneetan hainbeste bisita eta iruzkin jasotzen dituztela ikusten dudanean, nire buruari galdetzen diot: Zer edo zer ari naiz gaizki egiten? Nola egingo dute hainbeste jende erakartzeko? Argi dagoena da zer edo zer ez nabilela ondo egiten edo zerbait hobetu dezaketela.

Galdera hauen aurrean, KZguneara joatea otu zait, Joneri galdetzeko. Izan ere, zergatik blog honek nireak baino bisita gehiago ditu? Jonek honelakoa erantzun dit: marketing hitza ezaguna al duzu?

Noski baietz ezagutzen dudala “marketing ditxosoa”. Norbaitek zer edo zer saldu nahi duenean egiten da hori, ezta? Baina nik ez dut ezer saldu nahi, esan diot. Baliteke saldu ez, baina bai iragarri: nire webgunea, hain zuzen ere. Era horretan azaldu dit Jonek kontzeptu berri bat: marketing digitala.

Zer da marketing digitala? Ba, gauzaren bat saldu edo iragarri nahi dugunean, bitarteko digitalak erabiliz, alegia, Internet bidez, horri deritzogu. Halaxe behintzat esan digu, “Lehenengo pausoak Marketing Digitalean” urruneko ikastaroko irakasleak. Izena eman behar izan dut azkenean, gai honen inguruan sakontzeko.

Gauzaren bat saldu edo iragarri nahi dugunean, estrategia digital bat prestatzea gomendagarria da, gure helburuak zeintzuk izango diren definituz. Horretarako, jakin beharreko puntu batzuk baliagarriak izaten dira: gure indarrak jakitea, nor den gure publikoa, konpetentzia… Gauza horiek jakinda, marketing plan bat sortuko dugu helburu horretara ailegatzeko ekimen ezberdinak martxan jarriz.

Zer nolako ekimenak dira horiek? Ikastaroan, gehien erabiltzen diren ekimenak aipatu izan dira. Esate baterako, Facebook, Twitter eta Youtube bezalako sare sozialak -horiek ezagunak niretzat-, bilatzaileetan kokatzea (SEO), bilatzaileetan iragartzea (SEM) edota korreo elektroniko bidez iragartzea (Email marketing). Azken hauek, nigandik urrunegi daudenak.

Baina orain bai ulertzen dudala zergatik beste orrialdeek nirea baino mugimendu gehiago daukaten. Online Marketing-ak sekulako lana eskatzen du. Facebook-en hau argitaratu, orain Twitter-en… Tira, marketing estrategia bat sortu beharrean nabil nire orrialderako. Ea zer gertatzen den! Gero arte!

Eman izena KZguneako “Lehenengo pausoak Marketing Digitalean” izeneko urruneko ikastaroan