Kaixo KZguneako lagunok! Zer moduz? Pentsatzen al zenuten zuetaz ahazten ari nintzela, ezta? Bai zera! Oso lanpetuta ibili naiz azken bolada honetan, nire webgunerako marketin digital plan bat sortu eta, badakizue… Tira gaitz erdi marketin digitaleko hastapeneko ikastaroa egin nuela KZgunean, bestela… ederki etorri zitzaidan. Orain jakin beharrekoa da edozertarako balio izan duen horretan sartutako lan eta denbora.

Baina nola jakin bide onetik noan ala ez? Horixe galdetu izan diot nire buruari… Badakit azkeneko asteetan gero eta iruzkin gehiago jasotzen ditudala, baita harpidetu ere… baina, informazio zehatzagoa nahi badut datu horien inguruan?

Gogoratzen dut Jonek behin marketin digitaleko ikastaroa bukatuta nola esan zidan beste ikastaro bat egin behar nuela, urrunekoa, Google Data Studio tresnari buruz. Doakoa den erraminta bat da Data Studio webgune bateko emaitzak aztertzen dituena. Eta hori da egin dudana.

Gainera, aurretik urruneko ikastaroak egin ditudanez, badakit zein den prozedura. Ikastaroaren barruan nagoela baieztatzen didatenean, Moodle plataformara sartzen naiz, kapitulu ezberdinetan banatutako eduki ezberdinak irakurtzen hasteko, betiere nire erritmoan. Presarik gabe faborez, informazio hau guztia ondo menperatu behar da!

Google Data Studio, erabiltzeko tresna oso erraza dirudi, marketin digitalean hain adituak ez diren pertsonentzako pentsatua. Bakarrik zein webgunea aztertu nahi dugun esan beharko diogu tresnari, honek, datu ezberdinak azaltzeko. Eta zer egingo dugu datu hauekin? Ba… txostenak, konparaketak… edozein pertsonarekin partekatu daitezkeenak, hori baldin bada gure helburua.

Oso harrituta gelditzen ari naiz nire webguneko trafikoak azkeneko hilabetean nabarmen gora egin duelako. Eta oraintxe bertan ohartu naiz zer nolako esaldia bota dudan ere bai. Sarean dauden “haker” horietako bat bihurtuko naiz azkenean nahi gabe… ai ene. Gero arte!

Zure webguneko trafikoa aztertu ezazu “Google Data Studio. Aztertu zure datuak” KZguneako urruneko ikastaroari esker