Kaixo KZguneako lagunok. Zer moduz? Ni hementxe nabil, etxean, udako oporraldia prestatzen. Oraindik ere gogoratzen dut nola bidaietako agentzia batera joaten nintzela, beraiek den dena antola zezaten. Ez dizuet ukatuko oso ondo zegoela, baina tira, aurten, lan hori neuk egitea erabaki dut,

ea gai naizen. Internet-en dauden webgune ezberdinetako informazioa jasotzen nabil, konparaketak egiten… ez pentsa, zeregin honek uste baino zailagoa dirudi.

KZguneara joan naiz, izan ere, Jonek aspaldi komentatu zidan gai honen inguruan ikastaro bat emateko asmotan zegoela. Eta halaxe da. Jonek sortu berriko ikastaro bat dagoela esan dit, bidaia bat norberak planifikatzeko jakin beharreko guztia helburu duena. Izena eman dut zuzen-zuzenean. Ziur ondo etorriko zaidala.

Ikastaroak Zure bidaia planifikatu izena du. Aurrez aurreko ikastaroa da, sei ordukoa hain zuzen. Bertan, interesgarriko informazioa jasoko duzu: lo egiteko lekuak bilatu, garraiobideak aurkitu edota bidaiatzeko seguruak erosi.

Ikastaroa bidaiatzeko gida ezagun batekin hasi dugu, Lonely Planet deiturikoa. Liburutegian noizbait hartu izan dut liburu gida. Baina ez nekien webgunerik zuenik. Hori bai izan dela ezustekoa, zeren eta liburuko bertsioa bezala, internet-eko bertsioak ere baliagarria den informazioa jasotzen baitu, lurralde askotarikoa gainera.

Ostatua aurkitzeko garaian, Jonek webgune ezberdin batzuk proposatu dizkigu, oso famatuak direnak. Horietako bat Booking da. Jonek gomendatu digu prezioak alderatzea funtsezkoa dela baita filtroak erabiltzea ere, bilaketaren emaitzak zehatzagoak izateko.

Eta garraiobideari dagokionez? Bai, horren inguruan ere hitz egin dugu ikastaroan zehar. Arlo honetan,Skyscannerdelako tresna azaldu digute, hegaldiak hartzeko garaian. Skyscanner-en bidez, mila enpresetako prezioak eta hegaldien ordutegiak jakiteko aukera izango duzu.

Azkenik, Jonek, bidaiatzeko seguru bat erostea aholkatu digu, batez ere, ezohikoak diren lurraldeak bisitatzen baditugu. Arraroa izan daiteke hasiera batean honi kasu egitea, baina egoera larri baten aurrean seguru bat izateak lasaitasuna dakar, lapurreta edo osasun arazo baten aurrean, esate baterako. Rastreator delako webgunearen bidez, seguru ezberdinak konparatzeko aukera izango dugu, kontratatu nahi dugun estalduraren arabera.

Tira, pentsatzen nuen ikastaro honek ez zidala hainbeste lagunduko. Espero dut kontzeptu hauek guztiak ondo aplikatzea nire bidaia planifikatzeko orduan. Oraindik ez dut erabaki nora joango naizen, baina behinik behin gauza bat argi daukat: eguzkia nahi dudala. Gero arte!