aixo KZguneako lagunak! Zer moduz? Ni oso ondo, pixka bat nekatuta nire herriko jaiak izan direlako. Aurten jaien prestakuntza txukunagoa izan behar zela erabaki genuen, eta emaitza ezinhobea izan da! Oso dantzazale naizenez eta musika-talde asko ezagutzen ditudanez, dantzaldia alokatzeko prest nengoela esan nuen, baina zereginen banaketa zozketaren bidez bete zen eta kartela egitea tokatu zitzaidan. Pixka bat triste jarri nintzen hau entzuterakoan, margotzen edo marrazten ez dakidalako, baina gero pentsatu egin nuen: ez etsi Kontxi, zuk hori eta gehiago egin ahal duzu eta!

Beraz, birritan pentsatu gabe, zirriborroak egiten hasi nintzen, baina emaitzak ez ziren oso onak izan. Zorionez, Iñakik ideia ezinhobea eman zidan: Joneri galdetzea ea Interneten bidez kartelak erraz egiteko webgunerik dagoen.

Hau dela eta, KZguneara joan nintzen eta Jonek Canva erabiltzea gomendatu zidan, eta emaitza liluragarria izan zen!

Egin behar duzun bakarra Canva webgunera sartzea eta zure posta elektronikoarekin izen-ematea egitea da. Ondoren, zure kartela, urtebetetze-gutuna, triptikoa… egiten has zaitezke ezkerraldean dagoen “Diseinua sortu” botoi berdea sakatuz. Ikusiko duzunez, Canva berak diseinu batzuk gomendatzen ditu, baina neurriak pertsonalizatu daitezke.

Nire kasuan, poster eredua hautatu nuen nire kartela egiteko, eta odol berokoa naizenez, hutsetik abiatu nintzen, baina Canvak txantiloi batzuk ditu eskuragarri zure lana errazago eta azkarrago bukatzeko. Hala, lehenengo atzealdea aukeratu nuen, eta gero beste elementu batzuk, hala nola, serpentinak, konfetia… nire sorkuntzari jai-giroa emateko. Bukatzeko, kartelari ondo zetorkion letra aukeratu nuen eta… horra hor nire jaietako kartela!

Beno ba, nik agur esango dut, atseden bat hartzera joango naiz, dagoeneko urte batzuk egin ditut eta asteburu luzea izan da hau… Bakarrik gauzatxo bat agur esan baino lehen: zure baliabideak egitera animatzen zaitut, oso erraza da eta oso dotore geratzen dira. Beste batera arte!