Kaixo KZguneako lagunak! Zer moduz? Gaur nire laguna Amaia bisitatzera joan naiz. Aspaldi ikusi gabe geunden eta oso arratsalde atsegina pasatu dugu azkenengo berriei buruz solasean. Dirudienez opor hauetan bere alaba ezkondu da, eta egun hortako DVD-a ikusten aritu gara. Benetan polita gelditu da.

Ondo pentsatuz gero nork ez dauka argazki pilo bat gordeta bai ordenagailuan edo telefonoan? Guk ere zerbait polita egiteko aprobetxa dezakegu ere. Beraz, lagunak eskiatzera joan ginen bidaiako argazkiekin muntaia egitea pentsatu dugu… Hau ausardia!! Egiteko gai izango ahal gara?

Eta noski… Zorionez neure buruari galdera mota hauek egiten diodan bakoitzean ba dut nora joan. KZgunea eta Jone nire irakasle gustokoena datozkit burura.

Biak joatea erabaki dugu. Jonek gure ideiak entzun ditu arretaz eta berehala eman digu konponbidea. Bada “Sortu bideoak zure gustukoen irudiekin” izeneko ikastaro bat zehazki behar duguna betetzen duena.

OpenShot Editor” izeneko doako programa bat erabiltzen ikasiko dugu. Oso erraza eta intuiziozkoa dirudi eta pauso gutxi batzuetan gure bideomuntaia prest legoke partekatzeko. Irrikitan nago gure lagunak ze aurpegi jarriko duten bideoa jasotzen dutenean. Hau ilusioa!!

Jonek dioenez, lehenik eta behin gure proiektuan erabiliko ditugun baliabideak inportatzen dira. Argazkiak, bideoak, musika edo soinuak izan daitezke. Hainbesteren artean aukeratzea izango da arazo bakarra…

Gero muntaian agertzea nahi dugun elementuetako bakoitza arrastatzen joango gara bata bestearen atzean nahi dugun ordenan. Denbora alda dezakegu eta beste hainbat gauza ere…

Ukitu profesionala emateko trantsizio desberdinak daude aukeragai baita efektuak eta kreditu-tituluak.

Azkenik, muntaiaren emaitza bideo formatu askotan gorde dezakegu erraz partekatzeko. Hainbeste aukera daude…

Edozeinek egin dezake!! Baina kontuz!! Berehala gustua hartuko diozue eta ezingo duzue erraz utzi!! Jada hurrengo muntaietan pentsatzen ari gara. Hurrengora arte!!