Kaixo KZguneako lagunak! Zer moduz? Beste urte batzuetan bezala inauterietako prestaketetan murgilduta nago. Giro handiko festa da eta koadrilako guztiok mozorroturik irteten gara ondo pasatzeko asmoarekin. Aurten, Halloween aukeratu dugu gai bezala eta nik sorginezko mozorroa aukeratu dut.

A zer aukera nirea! Errazago izango zela pentsatzen nuen baina jada aste batzuk daramatzat ohiko dendetan begiratzen eta ez ditut behar ditudan osagarriak aurkitzen. Beharbada zorrotzegia naiz baina urtean behin mozorrotuz gero perfektu joatea gustatzen zait…

Nahiko errepikatu didate… Zergatik ez duzu Interneten begiratzen? Errez esaten da baina nire banku-datuak Interneten sartzearekin ez naiz eroso sentitzen. Jakin-mina dela eta, Interneteko dendetan bilatzen hasi naiz. Hain zuzen! Hor ageri da bilatzen nebilen guztia. Nik nahi nuen kapela… beltza, handia eta punta-zorrotzarekin, behar den bezalakoa. Erratza bat zahar itxurarekin, dendetan aurkitzea ez baita erraza. Sudur luze bat bere garatxoarekin. Eta azkenik… a zer soineko polita, hain zuzen ere imajinatu nuen bezalakoa.

Gertatzen zaidana da, ordainketa egiteko ordua iristen dela, txartela ateratzen dut eta… Ez al dizue beldurrik ematen ordaintzeko datuak ematea? Hauxe bera da trabatzen naizen momentua eta hemen da hain zuzen ere Jonez oroitzen naizenean. Beraz KZguneara hurbilduko naiz laguntza eske.

Behin KZgunean Jonek “Erosketa seguruak Interneten” izeneko ikastaro bat dagoela aipatzen dit eta jada apuntatu naiz, nola ez.

Interneten erosteak dituen abantailak eta desabantailak ikusten dira. Erosketa segurua al den jakiteko kontuan eduki behar ditugun ezaugarriak, SSL-a protokoloa, konfiantza-ziurtagiriak, ordenagailuaren egoera…

Kontsumitzaileek dituzten eskubideei begiratzen zaie baita ere itzulketa edo erreklamazioren bat egin behar izanez gero. Zer gertatzen da jasotako eskaera ez ba dator bat deskribapenean zion ezaugarriekin?… Zer gertatzen da erosketaz damutzen banaiz eta itzuli nahi badut?

Azkeneko atalean online denda ospetsuenetariko 2 bisitatzen dira. Erregistro-prozesua nola egiten den ikusiko dugu. Produktuak nola bilatu eta gure erosketa-saskira gehitu. Eta azkenik nola den erosketa-prozesua. Azken finean, seguru sentitzeko beharrezko ezaguerak izatea eta Interneten erosteari beldurra galtzea.

Beno ba, astiro astiro hasiko gara… mozorroa erosiko dut lehenengo eta nork daki, agian gustua hartzen badiot etorkizunean gauza gehiago erosiko ditut Internet bidez.

Hurrengora arte!