Kaixo KZguneako lagunak! Zer moduz? Nik kafe bat hartu berria dut kuadrilarekin urtero mendira egiten dugun irteeraz hitz egiteko. Oraingo honetan Iñaki ez da gurekin etorriko eta horrek apur bat larritzen gaitu. Urte askotan izan baita Iñaki gure gidaria mendi inguru guztiak ezagutzen ditu eta. Orain arte ez gara inoiz ibilbideetaz edo bisitatuko ditugun lekuez arduratu, dena Iñakiren eskuetan utzi baitugu…

Iñakik mendian ibiltzeko smartphonerako aplikazioren bat erabiltzea aholkatu digu eta automatikoki bonbilla piztu zait. “Wikiloc. Sortu eta partekatu zure kanpoko ekintzen ibilbideak” izeneko urruneko ikastaro bat egin nuen bere garaian KZgunean. Ez naiz aditua baina ikastaroan ikusitako aplikazioak erabiltzeko gai naiz arazorik gabe. “Worldsummits” izeneko aplikazio bat aipatu zen ikastaroan eta probatzeko aukerarik izan ez dudanez, neure burua eskaini dut gidari ofizial bezala oraingo honetan.

Espedizioko kideak protestatzen ez dutenez ezta urduri jartzen ere, ados daudela eta gidatzen utziko didatela ematen du. Ze ausartak! Hau erantzukizuna!

Jarraituko ditugun bideak aurrez aplikazioaren bidez deskargatzea da nire asmoa. Horrela nahikoa izango da bidea aukeratu eta smartphonearen bitartez jarraitzea, Iñakik urtero gustura egin duen bezala.

Aplikazioak duen ezaugarrienetatik gehien liluratzen nauena, pantailan duen bisorearen bitartez aurrean dugun informazioa ikus dezakegula da. (Gailurrak, interes-puntuak, bideak…).

Badugu ere gure ibilbideak grabatzeko eta gero haien xehetasun guztiak ikusarazteko aukera. Egindako bidea, ibilitako kilometroak etab.

– Eta galtzen bagara ala ezbeharren bat gertatzen bada? – Galdetzen du Amaiak…

Ez dago arazorik. Aplikazioak botoi bat du espresuki gure posizio zehatza sorospen zerbitzuetara bidaliko duena gu erreskatatzera etor daitezela.

– Baina telefonoa bateriarik gabe geratzen bada? – Bururatzen zaio Amaiari…

Ene!, Ez zait okurritu eta arrazoi duzu. Iñaki gidari bezala egon den bitartean nahikoak ziren ogitarteko batzuk martxan jarraitzeko baina telefonoek patata-tortilarekin funtzionatzen ez dutenez, bateria eramangarriak eraman behar izango ditugu.

Beno, jada ia dena lotuta daukagu, gidariaren gaia ebatzi ondoren beste kontu batzuez, eraman behar ditugun tramankulu guztiak bezalakoetaz ardura gaitezke. Iñakiri argazkiak eta egiten ditugun ibilibide guztiak partekatzea agindu diogu, ea datorren urtean ez duen huts egiten.

Bueltan ikusiko gara. Hurrengo arte!