Kaixo KZguneako lagunak! Zer moduz zaudete? Bizitza eta kolorez beteriko garaia da oraingoa. Azkenik negua pasa da eta jada udaberrian gaude. Eguzkiak berotzen du, loreak loratzen dira, eta urte guztietan bezala… errenta aitorpenaren ordua iritsi da. Hau amesgaiztoa!

Jaso dezala eskua prozesu hau aspergarria dela pentsatzen duena. Beharrezko datu eta dokumentuak jaso, hitzordua aukeratu, itxaron-ilara jasan. Buff. Urtero kontu bera. Eta zer diozue aterako den kantitatearen ziurgabetasunari buruz? Eta batez ere, kobratu edo ordaindu egin behar den…

Baina, aurten filosofiarekin hartuko dut eta nire etxeko erosotasunean egingo dut errenta aitorpena. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako web-orrian sartu beharko gara (www.euskadi.eus). Behin orrialdean gaudela, bertan dagoen bilatzailea erabiliko dugu informazioa aurkitzeko, “Errenta Aitorpena” kasu honetan. Honela, errenta aitorpeneko orrialde nagusira zuzenki eramango gaituen lotura lortuko dugu.

Behin web-orrian gaudenean ziurtagiri digitalarekin identifikatu beharko gara. Gaur egun, erabilgai dauden ziurtagiri digitalak erabil ditzakegu (NAN-elektronikoa, Izenpe Txartela, B@kQ). B@kQ-a edo “Itsasontzi jokoa” izeneko ziurtagiria adibidez, edozein KZgunean lor daiteke.

Ausardia eta pazientziarekin hartzea falta da bakarrik, argibideak ondo irakurri eta beharrezko diren datu guztiak betetzea azkeneko emaitzara iristeko. Kobratu ala ordainduko dugu oraingoan?

Ea sortea daukagun!!

Ikusi arte!