Gure smartphone edo tabletaren bidez Google Play-ra sartu eta aplikazio bat instalatzen dugun bakoitzean, baimen batzuk ematen ari gara app horri. Androiden azken bertsioetan, aplikazioa irekitzen dugunean honela galdetzen digu; Mapsi baimendu gailu honen kokapenerako sarbidea? Whatsappi baimendu gailu honen kontaktuetara sarbidea? Garrantzitsua da jakitea zein baimen ari garen onartzen ondoren ez damutzeko.

KZguneatik aplikazioen baimenak non kontsulta ditzakegun azalduko dizuegu eta baita zer izan behar dugun kontuan.

Play Storearen barnean, aplikazio bakoitzaren orrialdean, instalatu aurretik aplikazioak zein baimen eskatzen dizkigun jakin dezakegu. Scroll egin beheraino eta hautatu Informazio gehiago, jaitsi berriro eta aplikazioaren baimenak aukeran sakatu gehiago jakin”.

Aldiz instalatuta dugun aplikazioak zein baimen eskatu dizkigun jakin nahi badugu pausu hauek jarraitu behar ditugu. Doikuntzak > Aplikazioak > Aplikazioaren izena. Zerrenda honen bidez baimenak banan-banan onartu edo kendu ahalko dituzu.

Zein baimen eskatzen dituzte appek?

Androideko baimen talde nagusienak honako hauek dira:

  • Telefonoa: Baimen honen bidez aplikazioek telefono zenbakiak marka ditzakete. Skype edo Telegramek baimen hau behar dute deiak egiteko, baina app batek baimen hau eskatu eta deiekin zer ikusirik ez badu, ez zaitez fida.

  • Biltegiratzea/Memoria: Baimen hau duen aplikazioak gure memoriara sarbidea izango du, non gure fitxategiak ikusi, editatu eta datuak ezabatu ahalko ditu. Konfigurazioa gordetzeko aplikazio gehienek baimen hau behar izaten dute.

  • Testu mezuak/SMS: aplikazio batzuk mezuak bidal ditzakete edo jaso behar dituzte, adibidez Whatsapparen aktibazioan. Kontuz ibili behar da, izan ere aplikazio batzuk mezu bidezko harpidetzak kontrata ditzakete (kargu gehigarriekin).

  • Egutegia: zure egutegiko hitzorduak irakurri edo eraldatzeko nahiz berriak eransteko baimena (Gmailek zure hitzorduak eransten ditu baimena emanez gero).

  • Kamera: Kamera aplikazioek baimen hau behar dute, Whatsapp, Instagram… argazkiak eta bideoak egin ahal izateko.

  • Kontaktuak: Aplikazioak zure kontaktuetarako sarbidea izango du, irakurri edo aldatzeko aukerarekin. Whatsapp edo Gmailek, adibidez.

  • Kokapena: Aplikazioak gure kokapena jakin dezake non gauden argitaratzeko (Facebook edo Instagram) edo gure posizioa mapan kokatzeko (Google Maps).

  • Mikrofonoa: mikrofonoaren erabilera baimentzeko eta beste batzuetan audioa grabatzeko, Shazam edo Snapchat bezalako appak, adibidez.

Modu honen bidez aplikazioak ezkutaturik dituen asmoez jakin dezakegu. Adibidez, joku batek ez du zertan eduki behar sarbidea gure kontaktu edo kokapenera funtzionatu ahal izateko.

Aplikazio batek bere erabilerarako beharrezkoak ez dituen baimenak eskatzen badizkizu, ez instalatzea da onena. Play Storen ditugun aplikazio guztien artean ziurrenik konfiantza gehiago eman diezagukeen beste aplikazioren bat topatuko dugula.

Normalki, aplikazioen baimenekin gure inguruko informazioa lortu nahi izaten dute pertsonalizatutako iragarkiak bidali ahal izateko. Baina aplikazio maltzur batek gure datuak lapurtzeko erabil ditzake baimenak.

Ikasi zure mugikorrean aplikazioak kudeatzen “Smartphoneak eta tabletak. Zure Android gailua erabiltzen ikasi” ikastaroaren bidez KZgunean