Kaixo KZguneako lagunak! Zer moduz zaudete? Ni kafe bat hartzen egon naiz lagunekin eta hurrengo mendi irteera planifikatzen aritu gara. Beste gauza batzuen artean, zailena lortu dugu: gure agendak egokitzea eta adostea! Jada nire Smartphonean apuntatu dut ez ahazteko “Google Calendar” erabiliz.

Ondoren lekua erabaki dugu. Normalean Pirineoetara goaz eta oraingo honetan baita ere, oraindik ezagutzen ez ditugun bide eta mendiak bisitatuko ditugun arren. Leku ezezagun batera joaten garen guztietan aurrez prestatzea komeni da eta eraman behar izango dugun material guztian pentsatzen hasi gara, bizkar-zorroak, bastoiak…

“Google Keep” aplikazioa nire Smartphonean ireki dut eta apuntatzen hasi naiz bururatzen joan zaizkigun gauza guztiak zerrenda batean: botika-kutxa bat, prismatiko batzuk, eguzkitarako krema… Iñakik Smartphonerako bateria eramangarria azpimarratu du berak aplikazio bat darabilelako bere Smartphonean mendi-bideak grabatu eta geolokalizatzeko, bateriarik gabe geratzen baita beti… Arazorik gabe, apuntatuta…

Zerrenda bat egin arren, beti daude ahazten zaizkigun gauzak, eta espero ez dugunean bururatzen zaizkigunak, gainera. Horregatik “Google Keep” bitartez egindako zerrenda partekatu dut guztiokin eta horrela bakoitzak edonon eta edonoiz gehitu dezake bururatzen zaiona zerrenda guztion artean osatzeko.

Nik uste nuen nire lagunak “Google Keep” jada zerabiltela baina ezustea eraman dut ezagutzen ez zutela esan didatenean. Beraz, nola ez, KZguneara joan eta “Google Aplikazioak zure Smartphonean” ikastarora apuntatzeko gomendatu diet.

“Google Keep” oharrak sortzeko erreminta bat dela ikasiko dute. Ohar horiek elementu-mota desberdinekin osatu ditzakegu: testua, argazkiak, eskuz egindako marrazkiak, zerrendak, koloreak… Gainera, data oroigarria jar dezakegu behar izanez gero eta, garrantzitsuena: kontaktuekin partekatu dezakegu denon artean osatzeko.

Interesgarria iruditzen al zaizue? Jada badakizue nora joan!!