Urrian gaude jada, duela egun batzuk sartu ginen urtaro berrian, udazkenean. Udan app eta gadgetak proposatu genizkizuen sarrera batean, orain KZguneatik hasi berria den udazkeneko denboraldi berrirako aplikazioak proposatuko dizkizugu:

Fungipedia

Perretxikoen maitaleentzako edo, hobe esanda, biltzea gustatzen zaien horientzako. App honi esker perretxikoak identifikatu ahalko ditugu eta toxikoak baztertu (gogoratu beti ere gomendagarria dela dudako kasuetan aditu batera joatea). Identifikatzen laguntzeko 500 espezie ditu eta 2000 argazkitik gora ditu.

Gainera gure perretxiko guneak gorde ahalko ditugu modu pribatu batean GPS eta mapei esker. Tokiko argazkiak gordetzea baimentzen du eta gida sistema bat eskaintzen digu hurrengoan markatutako tokira heltzeko.

Android

Radar meteorologikoa

Ezin gara mendira irten aurrez eguraldi prebisioa jakin gabe: euria egingo duen, haize bolada indartsuak izango diren… Radar meteorologikoari esker eguna nola aurreratuko den jakin ahalko dugu. Aplikazioak aukera ezberdinak ditu: euria, haizea, hezetasuna… Eta beheko aldean dagoen Play botoari esker (triangelu gorria) elementu bakoitzaren progresua ikusi ahalko dugu.

Ordu oro atalean informazio hau idatziz eta detaile osoz ere kontsulta dezakegu.

Android eta iOS

112 SOS deiak

Inoiz ez genuke etxetik irten behar perretxiko bila edo mendi buelta bat ematera, etxean nora goazen esan gabe, larrialdi uneetan beraiek abisua eman eta gutxi gorabeherako kokapen eman ahal dezaten. Baina SOS deiak appa ere erabil dezakegu, honela guk eman dezakegu abisua.

112ra deitu botoiarekin, larrialdi zentroarekin jarriko gara kontaktuak zuzenean eta GPS kokapena bidaliko du mugikorrak. Ahots bidez egin ezin denean, appak 4 botoi ditu istripua, larrialdia, sua eta lapurreta-erasoa. Gure datu medikuak eransteko atal bat ere badu.

Android eta iOS

Temporada

Udazkena, kalabaza, orburu, kiwi eta granada garaia da. Baina, zein fruta gehiagorena? Fruta, berdura, arrain eta itsaski bakoitzaren denboraldi onena zein den jakiteko app hau erabili. Zein hilabetetan kontsumitu beharko genituzkeen jaki bakoitza azalduko digu. Azaldutako 4 ataletan banatuta, jakia bilatu eta larrosa kolorez markatuko digu zein hilabetetan kontsumitu.

Android

Etxeko sukaldeko errezetak

Garaian garaiko produktuak sukaldatu nahi baditugu baina zein plater prestatu ez badakigu, app honi esker irtenbidea daukagu. Bertan 5 milioi errezeta baina gehiago topa ditzakegu.

Errezeta osagaiaren bidez bila dezakegu, honela errazagoa izango zaigu plater perfektua bilatzen garaiko produktu perfekturako. Sukaldari saltseroak bagara, zerrenda handitzeko gure errezetak erantsi ditzakegu.

Android eta iOS

Aplikazio hauek zure mugikorrean nola instalatu ezagutu nahi duzu? Eman izena KZguneako “Smartphoneak eta tabletak. Zure Android gailua erabiltzen ikasi” ikastaroan.