Cookie-i buruz hitz egiten dugunean oso jende gutxik eduki ohi du argi zer diren edo zertarako erabiltzen diren, beraz KZguneatik, ohiko zalantzak argitzen saiatuko gara.

Zer dira Cookie-ak?

Cookie bat nabigatzailearen bidez (Mozilla Firefox, Chrome, Safari…) web orrialde batean sartzen garen bakoitzean ordenagailuan gordetzen den artxibo edo fitxategi bat da.

Cookie-en lehen xedea erabiltzaileari buruzko informazioa gordetzea da. Esaterako:

  • Etxeko ordenagailuan, posta elektronikoan, Facebook, Twitter, Instagramen… sartzen garen bakoitzean, gure erabiltzaile eta pasahitzik sartu gabe, zuzenean sartzen gara.

  • Online erosketak egiteko denda batean sartzen garenean, orriz orri edo artikuluz artikulu aldatzen jarrai dezakegu, gure saskian sartuta daukaguna galdu gabe.
  • Hainbat hizkuntzatan dagoen web-orrialde batetan, nabigatzaileak guk aukeratutako hizkuntza berresten duenean.

Zer motatako cookie-ak daude?

Cookie-en mundua zabal samarra da, eta cookie moten zerrenda oso luzea. Honengatik, ohikoenak direnen zerrenda egin dugu:

  • Aldi baterako cookie-ak: nabigatzailea itxi orduko desagertzen dira.

  • Cookie iraunkorrak: iraungitze data eduki ohi duten arren, erabiltzaileak bakarrik ezaba ditzake edo gurekin geratuko dira epe mugagabean.
  • Publizitate cookie-ak: publizitate guneetan erakutsiko diren datuak biltzen dituzte (online dendetan ikusi ditugun artikuluak adibidez).
  • Pertsonalizazio cookie-ak: erabiltzaileak ezartzen dituen aukerak jasotzen dituzte (hizkuntza, herrialdeko ezarpena, etab.).
  • Berezko cookie-ak: bisitatu dugun web-orrialdeari dagozkionak dira.

  • Hirugarrenen cookie-ak: bisitatu dugun web-orrialdearenak ez diren cookie-ak dira, normalean iragarleenak.

Cookie-ak blokeatu al daitezke?

Nabigatzaileen gehiengoa cookie-ak onartzeko konfiguratuta etorri ohi da baina, nahiko bagenu, aukera hau aldatu dezakegu; nabigatzailearen menuko aukeretan pribatutasuna aldatzen dutenetan sartu beharko dugu soilik.

Nola ezaba ditzaket Cookie-ak?

Nabigatzaile bakoitzak berezko menua badu ere, cookie-ak ezabatzeko aukera historiala eta nabigazioaren beste datuak ezabatzeko aukerekin edo inguruan egon ohi da. Zure nabigatzaileak honetarako duen aukera bilatu.