KZguneako sarrera berri honetan mahai joko klasikoen inguruan arituko gara. Ziurrenik zerrendako jokoren batean edo bat baina gehiagotan jokatu izan duzu etxekoekin edo lagunen artean. Gaurkoan formatu digitalean edo hobe esanda, app formatuan gure smartphone edo tabletean instala ditzakegun partxisa, ajedreza, Scrabblea… bezalako mahai joku klasikoez arituko gara. Karta joko edo fitxa jokoetatik taula jokoetaraino topatuko dituzu. Goazen jokoa hastera.

Partxisa

Klasikoa guztiz, ia etxe gehienetan egon da taula bat. Ez dugu uste ezagutzen ez duenik badagoenik baina badaezpada jokoak zertan datzan azalduko dugu: Aurkariak baino lehenago taularen erdigunera heldu behar da fitxa guztiekin. Gailuko bertsioan pertsona bakarrarekin edo hirurekin joka daiteke eta partidan zehar txateatu liteke.

iOS eta Android.

Dominoa

Munduko mahai joko ezagunenetako bat hau ere. Esku artean dituzun fitxak amaitzen lehena izan behar zara, horretarako, zure fitxak mahaian ezartzeko erpinetan dauden zenbakiekin bat etorri behar dute. Saiatu aurkariei irabazten eta jokoan zehar txateatu beraiekin.

Android eta iOS.

Ajedreza

Mahai joko zaharrenetariko bat da honakoa. Noizbait jokatuko zenuen edo jokatzen ikusiko zenuen. Estrategia jolas honetan helburua aurkariaren erregea “erauztea” da. Horretarako, jokalari bakoitzak hamasei piza ditu -beltzak edo txuriak- eta bere erregea defendatu behar du.

iOS eta Android.

Marrako 4

Mahai gainean jolasteko beste klasiko bat. Erabili zure koloreko fitxak lau fitxaz osaturiko ilara zuzen bat egiteko eta partida irabazteko, ilara horizontalki, bertikalki edo diagonalean izan daiteke. Online joko honek hiru zailtasun maila ditu eta online jokatzean beste aurkari batzuen aurka egin dezakezu edo zure lagun batekin gailu berean.

Android eta iOS.

Ondoratu ontziteria

A5. Ura. C2. Ukitua. C3. Ondoratua. Nork ez ditu erabili hitz horiek joko honetan? Erabili ez dituenarentzat, zure ontziteria estrategikoki ipini ondoren aurkariak ondoratzen saiatzean datza ontzi guda. Gailuaren aurka edo zure lagunekin online joka dezakezu eta partidan zehar zure aurkariarekin txateatu.

Android eta iOS.

Scrabble

Beste klasiko ospetsu bat, inoiz jokatu ez baduzu edo jokatzen ikusi ez baduzu jokoak zertan datzan azalduko dizugu. Ahalik eta puntu gehien emango dizuten hitzak eratu behar dituzu eta honela aurkariei irabazi. Bertsio digitalean makinaren aurka zu bakarrik aritu ahalko zara edo lagunen aurka edota ezezagunen aurka. Jolasak duen abantailetako bat puntuak kontatu edo hitzak errebisatzea teknologiaren eskuetan uztea da.

iOS eta Android

Uno

Mundu mailako karta joko ospetsuenaren bertsio digitala. Sortak 2 karta mota ditu: normalak eta bereziak (komodina, +2, +4, kolore aldaketa…). Hasieran dituzun karta guztiak gainetik kentzea da helburua eta eskuan azken karta geratzen denean “Uno” esatea. Jokalariak karta bat duenean esaten ez badu 2 karta gehiagorekin zigortua izango da.

iOS eta Android.

Monopoly

App formatuan topa dezakegun beste taula jolas klasiko bat familian jolastekoa. Izenak dioen moduan zure monopolioa sortzean datza eta horretarako eraikinak erosi eta saldu behar dituzu. App hau ez da doakoa eta bere kostua Android eta iOSen 4,49€takoa da.

Android eta iOS.

Risk

Riskean jokatzeak mundua menperatzean datza norberaren domeinuak babestuz, tropak erreklutatuz eta familia, lagunak eta aurkariak garbituz. Bertsio digital sei jokalari arte jokatzea baimentzen du gailu beraren inguruan izanik.

Android eta iOS.

Cluedo

Misterio gehien duen mahai jokoa, izan ere egoitzako hiltzailea nor den asmatu behar da hainbat susmagarriren artean. Hemen proposatzen dizuegun bertsioa Hasbroko originala da, eta kasu honetan, jokua ez da doakoa. Androideko bertsioa 2,29€koa da eta aldiz iOSekoa 4,49€.

Android eta iOS.

Rummikub

Errumanian karta jokoa debekatu zutenez geroztik sortutako jokua da. Horregatik, fitxa originalak (karta modukoak), egurrezkoak ziren eta orain bertsio digitalean ditugu. Zenbaki taldeak eratu behar dira: zenbaki bera kolore ezberdinarekin, edo kolore bereko zenbaki jarraiak.

Android eta iOS.

Catan

Estrategia joko ospetsuenetarikoa da hau. Joko honen betebeharrak ahal diren herrixka gehienekin egin, komertzio bide onenak lortu eta armada handiena batzea dira. Taularen moduan, digitalki ere gehienez 4 jokalariren aurka aritu zaitezke. Hau ere ez da doako jolas bat, bi bertsioak 5,49€an daude.

Android eta iOS.

Carcassone

Beste joko klasiko eta aldi berean modernoa, 2001ean urteko joko onenaren saria irabazi zuen. Jolasak mapa batean armada, lapurrak, baserritarrak eta monjeak toki onenetan ipintzean datza ahal diren puntu gehien lortzeko eta honela partida irabazteko. 6 arte jokatzea baimentzen du. Kasu honetan prezioa garestienetako da, iOSen 10,99€ eta Androiden 4,99€.

Android eta iOS

Zure Smartphonean aplikazioak instalatzen ikasi nahi baduzu eman izena “Smartphoneak eta tabletak. Zure Android gailua erabiltzen ikasi” ikastaroan.