Kaixo, KZguneako lagunak! Zer moduz zaudete? Gaur Iñakirekin geratu naiz eta hirian zehar paseo bat ematera joan gara. Parketik pasatzen ari ginela, janzkeragatik hemengoa ematen ez zuen bikote bat ikusi dugu guri deika, beraz, zer nahi zuten ikustera hurbildu gara.

Hitz egiten hasi direnean berehala konturatu gara ezin genuela gauza handirik egin, arabieraz hitz egiten ari zirelako. Iñakik hitza hartu du eta barkamena eskatzen hasi da, mundu guztiak ulertzen duen aurpegi adeitsu baina tristea erakutsiz ezin izan dielako lagundu.

Itxaron Iñaki! Bat-batean, KZguneko blogean irakurri nuen artikuluetako bat gogoratu dut. Artikulu horretan aipatzen zen nola Googleren laguntzailearen bidez hizkuntzen interpretea erabil dezakegun, eta aukera ezin hobea izan da praktikan jartzeko; beraz nire smartphonea atera dut.

Bai bikoteak eta bai Iñakik harrituta begiratzen zidaten ikusmin handiz… Behin ahotsaren bidez interpretea aktibatu dudanean, adierazi diot zein hizkuntzatarako behar dugun interpretea eta kito. Une horretatik aurrera, bakoitzak bere hizkuntzan hitz egin ahal izan du, telefonoak interprete bezala egiten zuen bitartean. Ezin hobeto ulertu dugu elkar, eta autobus geltokirako bidea adierazi ahal izan diegu, hori baita bilatzen ari zirena.

Bai zoragarria! -esan du Iñakik – Beti saihestu izan ditut atzerrirako bidaiak hizkuntzaren hesia dela eta, baina horrelako tresna batekin munduko edozein lekura joatera ausartuko nintzateke. Non ikasi duzu trikimailu hau?

Trikimailu hori eta erabilgarri diren beste asko KZguneako blogean aurki ditzakezue. (http://kzgunea.blog.euskadi.eus /). Beraz, begirada bat bota, gauza interesgarri asko aurkituko baitituzue.

Hurrengora arte!