Aurreko sarreran Google Classroom zer den eta plataforma honekin zer egin dezakegun azaldu ondoren, martxan jartzeko unea da. KZguneko gaurko sarrera honetan, urruneko eskolak antolatzeko eskaintzen dizkigun aukerak ikasiko ditugu.

Aurreratu genizuen bezala, Classroom-ekin lanak jarri, dokumentuak partekatu, eta online bidezko gestioa landu ahalko duzu. Gainera, mugikor, tablet edo webgunerako zerbitzua eskaintzen du, ondorioz, edozein aparatutik sartzeko aukera duzu.

Eskola parte hartzailea nola sortu

Google Classroom-en sartzeko, Google-n sartu, goiko eskubiko aplikazioetan sakatu eta Classroom aukeratu. Google-ko zure posta elektronikoa eta pasahitza jarri beharko duzu.

Jarraian, goiko eskubiko + botoian sakatu, eta eskola bat sortu edo dagoeneko sortuta dagoen eskola batean sartu nahi duzun aukeratu beharko duzu. Eskola bat sortzea aukeratzen baduzu, eskolaren datuak idatzi beharko dituzu; izena, sekzioa, gaia eta ikasgela.

Eskola sortu ondoren, goiko aldean ondorengo atalak ikusi ahalko dituzu; ohar taula, eskolako lana, pertsonak eta kalifikazioak.

Eskolako lanetan, sortu dituzun lan guztiak izango dituzu. Sortu aukeran sakatzen baduzu, lanak sortu, materiala igo edo lanak gaika antolatuko dituzu. Lana sortu aukeran sartzen baldin bazara, lana sortzeko fitxa bete beharko duzu.

Titulua eta deskribapena jarri ahalko duzu, eta beheko aldean artxiboak gehitu eta Google-ko tresnekin dokumentuak sortu ahalko dituzu. Eskubiko aldean, entrega epeak zehaztuko dituzu.

Bestalde, materiala igotzea aukeratzen baduzu, artxiboak lotura batetik, zure ordenagailutik, Google Drive-tik edo Youtube-ko bideoetatik gehitu ahalko dituzu. Eskubian, ikasle guztiek edo batzuk ikusi ahal duten aukeratuko duzu.

Pertsonak atalean, zure eskolara ikasle eta irakasle berriak gehitu ahalko dituzu. Gainera, ikasleak isiltzeko eta mezuak bidaltzeko aukera duzu. Bukatzeko, kalifikazioetan, ikasle bakoitzaren notak ikusiko dituzu.

Kudeatu zaitez Google aplikazioekin” ikastaroan izena eman eta zure egunerokotasuna hobetu dezaketen aplikazioen inguruan ikasi