Inoiz erosketak Internet bidez egin badituzu, ordainketa zure txartelarekin edo banku-kontuarekin egiteko orduan, “PayPal” aukera beste ordainketa-modu bat dela ikusiko zenuen.

 

 

Baina, badakizu zer den PayPal? Gaur KZgunean horri buruz izan ditzakezun zalantza guztiak argituko ditugu.

Zer da PayPal?

PayPal mundu osoan gehien erabiltzen den online ordainketa sistema bat da, ordainketa segururako modu bat, non zure finantza informazioa pribatu mantentzen den. Ez dira inoiz zure banku-datuak hartzailearekin partekatuko (enpresa, denda, saltzailea …), Paypal bitartekaria baita zure datuen eta diruaren hartzailearen artean.

Beraz, ez duzu zure txartelaren edo banku-kontuaren datuak eman beharrik Internet bidez erosketa bat egitera zoazen bakoitzean.

Horretarako, kontu bat sortu beharko duzu Paypal-ean. Webgunean sartu eta “Abrir cuenta” jartzen duen tokian sakatu behar duzu. Behin barruan, klikatu “Personal” aukeran eta jarri ezazu zure posta elektronikoa eta pasahitz bat. Ondoren, eskatzen diren datu pertsonalekin bete beharko duzu eta zure zordunketa- edo kreditu-txartelaren datuak sartu. Nahi adina txartel jar ditzakezu. Nahiago baduzu zure banku-kontuaren bidez ordaindu, zure kontuaren IBAN zenbakia jarri beharko duzu txartelaren ordez.

Zure kontua Paypal aplikazioan konfiguratu ondoren, Internet bidez erosketa bat egiten duzun bakoitzean, saioa hasi beharko duzu zure posta elektronikoarekin eta pasahitzarekin ordainketa egiteko. PayPal-ek zuri ez dizu komisiorik kobratuko erosterakoan, baina bai saltzaileari.

Horretaz guztiaz gain, dirua bidaltzeko eta funts komunak sortzeko aukera ematen du Paypal-ek. Dirua bidal dezakezu (Europako Erkidegoko herrialdeetan eurotan egindako transferentzietarako doan) edo dirua biltzeko funts komun bat sor dezakezu senitartekoekin, lagunekin…

Telefono mugikorretik ere administratu daiteke Paypal kontua, Android eta iOS aplikazioen bidez.

 

KZguneak eskaintzen dizun Erosketa eta ordainketa segurua Interneten ikastaroan etxetik erosten eta ordaintzen ikas dezakezu