facebookAzken asteotan, sare sozial berria sortu da: Google+. Adituen arabera, sare berriak Facebookek egun duen segurtasuna hobetuko du. Segurtasunarekin lotutako gaietan, sare sozial hori beti izan da oso kritikatua, baina izan gaitezen egiazaleak: oraindik ere hura erabiltzen dugunok gehiengoa osatzen dugu.
Egia esan, Facebooken kasuan, batez ere gu gara, erabiltzaileak, hura ez seguru bihurtzen dutenak. Hori dela eta, segurtasuna hobetzeko neurri batzuk ikusiko ditugu.
Facebook erabiltzen dudanetik, bizitza osoan ikusi ez dudan jendearen argazkietara, profiletara eta argitalpenetara sarbidea lortu dut. Horretarako arrazoia hauxe da: beren profilak jende guztiarentzat irekita utzi zituzten (hau da, Facebooken kontua duen edonork ikus ditzake) edo lagunen lagunek ikusteko moduan jarri zituzten (nire profilean gehituta dudan edonoren kontaktuetako informazioa ikusteko aukera izango nuke).

Kontuan izan behar dugu batzuetan informazio pertsonala igotzen dugula (argazkiak, bideoak…) eta hori mundu guztiak ikustea ez dela komeni. Hori dela eta, informazio hori aldatzea eta gure edukietara sarbidea mugatzea komeni da.

Gure argitalpenak gogoko ez ditugun pertsonek ikus ez ditzaten.

1.- Kontuaren pribatutasuna konfiguratzea: Pantailaren goialdean, honako hau aukeratuko dugu: “Kontua > Pribatutasun ezarpenak”. Atal horretan, zuen argitalpenak, argazkiak eta abarrak nork ikustea nahi duzuen erabaki ahal izango duzue. Nire gomendioa aukera guztietan “Lagunek bakarrik” dioenari beti marka egitea da.

2.- Ez gehitu ezagutzen ez ditugunak.

3.- Kontu handia izan argitaratzen dugunarekin. Hona hemen benetan gertatu diren bi adibide: duela pare bat urte, emakumezko langile bat kaleratu egin zuten. Depresioa zela eta, bajan zegoen eta Facebooken oporretan eta parrandan ateratzen zen argazki batzuk argitaratu zituen. Enpresak argudiatu zuen ez zuela deprimitu itxurarik argazki haietan. Beste langile bat, aldiz, bere nagusia (lagun gisa gehituta zuena) oso modu larrian iraindu izanagatik kaleratu zuten. Ez ote zen zentzuzkoagoa izango komuneko atean idaztea, haurrak ginenean bezala, eta idatzitakoa sinatzea? Seguru asko, jende gutxiagok ikusiko zukeen.

Aldiz, gehituta dugun norbaitek argitalpen edo argazkiren bat ez ikustea nahi badugu, hau egin beharko dugu:

1.- Argitaratzeko oharra idaztean: Idazteko laukian giltzarrapo bat aterako zaigu. Horri esker, gure argitalpena nork irakurtzea nahi dugun edo, aldiz, nork irakurtzea nahi ez dugun erabakiko dugu.

2.- Albuma igotzean: Gure argazkiak nork ikustea nahi dugun edo, aldiz, nork ikustea nahi ez dugun aukeratzea ahalbidetzen digun pribatutasuneko beste aukera bat ere badago.

Hauek dira Facebookeko gure profileko segurtasuna konfiguratzeko garaian kontuan hartu behar ditugun oinarrizko urratsak. Gai honi buruzko zalantzaren bat sortzen bazaizue, gure KZgunea zentroetakoren batera etorri eta, erantzuteko moduan badago, dinamizatzaileari galdetu ahal izango diozue. Bestela, hemen bertan idatz dezakezue iruzkina.