Martxoaren 26an, Eusko Jaurlaritzaren Ibilbideak proiektua aurkeztu zen, herritarrak ariketa fisikoa egitera bultzatu nahi dituen ekimena. KZguneak proiektuan laguntzeko asmoa du, 50 GPS maileguan utziz.

Ibilbideak proiektua Eusko Jaurlaritzako Kirol eta Osasun Publikoko zuzendaritzen “Aktibili” Jarduera Fisikoaren Planaren barnean kokatzen da. Zehazki, komunitate birtual bat da, pertsonek eta entitateek osatua, Internet eta gailu mugikorren bidez (GPS eta Smartphone) ibilbideak sortu eta partekatzen dituztenak aire zabalean kirola egiteko.

Komunitatean erregistratzean, erabilgarri izango ditugu plataformako Track edo ibilbide guztiak, eta gure ibilbideak ere grabatu ahal izango ditugu, besteekin partekatzeko. Oraingoz, Ibilbideak plataforman, Euskadin barrena eginiko ibilbideak soilik aurkituko ditugu, edo gure lurraldean hasi edo amaitzen direnak.

Ibilbideek hainbat kirol diziplina egiteko aukera ematen dute, den-denak aire zabalean, eta ezaugarri batzuen arabera sailkatzen dira: zailtasuna, distantzia, eskualdea… Ezinbestekoa izango da GPS edo Smartphone bat erabiltzea ibilbideak kontsultatzeko, baita plataforman gure ibilbideak grabatzeko ere, beste erabiltzaileekin partekatzeko.

Eta hor kokatzen da, hain zuzen ere, KZgunearen ekarpena. Ekainetik aurrera, estrategikoki hautatutako 10 KZgunek (kokatuta dauden udalerrietako aire zabaleko kirol jardueren eskaeraren arabera) 50 GPS edukiko dituzte prest maileguan uzteko. Zerbitzua erabiltzeko, ezinbestekoa izango da KZguneko erabiltzaile izatea, eta 7 egunez gehienez erabili ahal izango da GPSa. Gainera, KZguneko dinamizatzaileek erabiltzaileei erakutsiko diete nola erabili GPSa eta nola grabatu eta partekatu beren track-ak Ibilbideak plataforman.  

Aurrerago, informazio gehiago argitaratuko dugu ekimen honi buruz: zer gunetan eskuratu ahal izango diren GPSak, maileguaren baldintzak, etab. Oraingoz, Ibilbideak plataformaren aurkezpen bideo batekin uzten zaituztegu, planak egiten has zaitezten.
http://www.youtube.com/watch?feature=endscreen&v=pU3a8sikDHA&NR=1