Hainbeste hizkuntza nahasten ari diren mundu honetan, norbaitek pentsatu zuen interesgarria izan zitekela munduko hizkuntza guztietako hitz guztien ahoskeren entziklopedia bat egitea. Askok ikusi zuten ideia hori interesgarri, baina soilik euskaldun gazte batzuk -bi donostiar eta bi bilbotar- izan zuten FORVO sortzeko ideia: ahoskeraren entziklopedia honek 400.000 bisita jasotzen ditu egunero. Are gehiago, “Time” aldizkari entzutetsuak 2013ko webgune onenen zerrendan sartu du.
Nork ez du noizbait izan arazorik ahoskerarekin? Seguraski, gure gaztetxoenen hizkuntza-ikasketen arazo nagusienetako bat ahoskera da -eredu garbia ingelesarekin gertatzen dena. Baina tresna hau ez da interesgarria soilik hizkuntzak ikasteko. Zergatik ez mintzatu tresna honek turismoan edota nazioarteko harreman orokorretan izan dezakeen garrantziaz? Zerbitzuaren indarguneak ugariak dira. Kasu honetan, gainera, hizkuntzek hain propio duten balio kultural horri sare sozial batetan aurkitzen den sorkuntza horizontala eransten zaio.
Baina, nola eman dezaket altan hitz bat? KZgunean webgune hau erabiltzen erakutsiko dizuegu gaur; jarraitu irakurtzen eta hobetu ahoskera nahi duzuen hori egiteko.
Beste hainbat aukeraren artean, hobetu ahoskera Forvoren laguntzarekin
Hurrengo lerroetan ikasiko dugu nola ematen den alta, nola gehitzen diren hitzak eta nola grabatzen diren ahoskerak. Tresna erabili ahal izateko bete behar diren baldintzak oso gutxi dira: Internetera konexio bat, mikrofono bat eta proiektu mundial batetan parte-hartzeko gogoak baino ez dira behar. Prozesua oso erraza da. Hasteko eta behin, webgune nagusira sartzen gara (eu.forvo.com). Behin bertan, erregistroa hasteko botoiari sakatuko diogu:
Gure datuekin kontu bat sortuko dugu:
Gurekin harremanetan jartzeko eman diegun helbide elektronikora mezu bat iritsiko zaigu. Bertan aktibatu ahal izango dugu gure kontua. Forvo-ren orri nagusira joango gara berriro, identifikatu egingo gara eta “hitza gehitu” botoian sakatuko dugu.
Gure kasuan, “traola” hitza aukeratu dugu (traola hainbat aldiz erabiltzen den # ikurra da). Oraindik hitza ez dago gehituta entziklopedian, beraz hitz berriatzat hartuko du. Dena den, nahi izanez gero aurretik ahoskatuta dauden hitzak berriro ahoska daitezke, aldaketak hobekuntza baldin badakar edota beste azentu batekin egiten bada. Kasu honetan, “traola” hitza gehitzen dugu, euskarazko hitza dela esaten diogu eta segituan ahoskera grabatzeko aukera eskainiko digu:
Hitza esan, grabatu eta listo! Esteka honetan ikusiko dugu nola geratzen den hitza:
Ikus dezakegunez, prozesu erraz eta praktiko honen bidez modu kolaboratiboan gauza eder bat eraiki dezakegu. Bide batez, kultura, hizkuntza eta pertsonen arteko zubiak eginez. Egin froga eta esaiguzu zer iruditu zaizun.
Sar ezazu zure iruzkina