A ze nerbioak! Lehen egunaren urduritasuna ezin dut gainetik kendu. Txikitako lehen eskola eguna dela dirudi, gauean zenbat aldiz esnatu ote naiz? Dena prest dudala uste dut, kuadernoa karpetan sarturik, boligrafoak, betaurrekoak poltsan… Banoa etxetik ateratzera berandu heldu baino lehen nire lehen klase egunera Kzgunean.
Kontxi badoa KZgunea oinarrizko ikastaroa hastera. Ondo moldatuko al da?
8:55etarako atean naiz, gelan sartu gara eta bakoitza bere ordenagailua izango denaren aurrean eseri gara. Ni baino gazteagoak direnak ere badaude, hauen martxa hartuko al dut? Eskerrak Iñaki heldu den, tokitxoa gorde diot nere ondoan, biok ondoan egonda lasaiago nago.
Dinamizatzailea gelan sartu eta aurkezpenekin hasi da, Jone deitzen da. Interneteko KZgunea oinarrizko ikastaroa berak emango digu. Lehengo bi egunetan ordenagailua ezagutzen hasiko garela aipatu digu, sagua erabiltzen ikasiz eta teklatua nola erabili ikasiz ere bai.
Gu denok gobernatzen makaleko lana hartu behar du Jonek!
Ordenagailuaren atalak azaldu dizkigu lehenik eta behin, Zer esan du? jaruarea? (hardwarea idazten omen da) Zerbait dauka ahoan? Txiklea edo? Horrela deitzen diete piezei, jesuuus… Ez al zegoen izen sinpleagorik guk gogoratzeko!? CPU hitza ere aipatu du, hau ere arraroa ezta? Bertan omen daude ordenagailuaren disko gogorra eta beste gailu batzuk gorderik, beste izen arraro bat memorizatzeko, nerea bai buru gogorra, hau denataz ez naiz gogoratuko, eztaaa! Besteak eskerrak sinpleagoak diren, pantaila, teklatua, sagua, inpresora… eta beste aldean sotuarea, berriz hasten gara txiklearekin ahoazkatzen? Marka da gero (software idatzi behar da), izen hori omen dute ordenagailuaren sistemak edo programek. Ingeleseko hitz hauekin zoratuko naiz azkenean.
Xagua hartu dugunean lehenengo aldiz, a ze festa! Ezkerrera mugitu sagua eta… Alaaaaaaaaa pantailaren beste puntaraino joan da gezia. A ze pultsua daukadan gero. Berezko bizitza dauka xagu madarikatu honek!!! Aurreko ilaran dagoen ikaskideak ni baina komeri haundiagoetan dabilela dirudi, xagua hartu beharrean pantailan behatzarekin hasi da klik egin naiean, ilobak ikusiko zituen hori telefonoarekin egiten. Pantaila taktila ez dela esplikatu dionean Jonek denak barrez hasi gara, berak ere barre saio polita egin du! Umorea ez deigun galdu. Ariketan aurrera goazela xaguak dantza txikiagoak egiten zizkidan. Poliki poliki domatu dudalakoan nago nahiz eta batzutan ihes egiten didan. Etorri hadi honaa madarikatua!
Klasean gauza berriak ikasten jarraitu dugu. Ordenagailuan karpetak erabiltzen omen dira dokumentu edo artxiboak gordetzeko. Etxeko kajoian ditugunak bezalaxe, dena ordenaturik izateko. Gure karpeta sortu dugu lehenik eta behin. Xaguak eskuin botoia dauka eta noiz erabili azaldu digu. Beste gauza bat ikasteko, orain arte ezkerreko botoia dominatzen banuen ba nik nahiko lan!! Karpeta batzuk gehiago sortu ditugu, argazkiak gordetzeko bat, idatziko ditugun testuak gordetzeko beste bat. Aiii baina zer da hau!? Nahastu ez naiz ba! Bi karpeta gehiago sortu ditut nahi gabe behar ez zen tokian. Nola egin dudan galdetu diot Joneri. Berak lasaitasun osoz behar ez ditugun karpetak nola ezabatzen diren azaldu digu. Hau ere eskuineko botoia erabilita. Berriz eskubiko botoi ditxozozko hau erabili behar al dut?? Zer pazientzia daukan neska honek eta zein garbi azaltzen dituen eman beharreko pausoak! A ba bai! Ikusi zein ongi ezabatu ditudan karpetak. Arnasa sakon hartu dut, nerbioak eta pazientzia gutxi dauzkat baina Jonerekin nik uste hartuko diodala martxa mundu berri honi. Bai horixe!
2. eguna:
Lehenengo eguneko bi orduak azkar amaitu zitzaizkidan. Gaur beste bi ordutxo arituko gara:
– Orain, teklatua erabiltzen ikasteko ariketa bat egingo dugu, eman berri dizuedan testu hori idatziko dugu ordenagailuan. – aipatu du Jonek.- Teklatuan letra maiuskulak egiteko Bloq Mayus botoia erabili dezakegu. Eskuin aldean argi bat piztuko zaigu, honek adierazten digu idazten ditugun letrak maiuskulaz aterako direla pantailan. Itzalita badago berriz, minuskulan.
– A haundi baten gainean pizten den argi urdinaz ari zara? – galdetu dio nere eskuinekoak.
– Bai, hori bera.
– Aizu Jone. Nik ez dut aurkitzen T hitza? – galdetu diot ernegaturik.
– Zin dagizuet alfabetoko hitz guztiak bertan daudela – Adarra jotzen aipatu digu Jonek. Denak barrezka hasi gara. Ondoren T malapartatua non dagoen zehaztu dit.
– Aiii hor zeunden ba eee galdutako T hori… – zanpatu dut bertan urduri.
Gauza gehiago ere azaldu dizkigu, shift izeneko botoia, gezi forma duena, zapalduta eduki ezkero komilak, parentesiak, galdera ikurrak… idazten dituela. @ idazteko berriz “Alt Gr” izeneko tekla zapalduta eduki behar dela. Ariketa egiten hasi baino lehen azalpenak arbelean marraztu dizkigu, koadernoan idatzi ditut denak, txukun txukun, gero nik bakarrik egiten saiatzeko. Gogoratuko ote naiz hau denataz? Eskerrak txuleta aurrean izango dudan.
A ze izerdiak botatzen ari naizen! Nerbioak ez dira guztiz baretzen, eskerrak Jonek pazientzia haundia duen gurekin. Minuturo baten batek deitzen dio galderaren bat egiteko. Pelmada ederra eman diogu Iñakik eta biok. Baina berak, goxo-goxo azaldu digu dena eta baita ulertu ere azaldutakoa. Gaur bai moldatu naiz, baina bihar gogoratuko al gara hau denataz? Lanean jarraitu beharko dut gogor. Jonen azalpenekin eta praktikekin egingo dugu bidea.
https://youtu.be/iuq8w46LCK8
Bihar, internet erabiltzen hasiko omen gara. Ea honekin zer moduz moldatzen garen. Nobedadeak ez zaizkit asko gustatzen. Baina zer erremedio pazientziaz hartu beharko dut, nire bidaiak hasiko naiz antolatzen internet bidez kosta ala kosta.
Ez zara inoiz oheratuko gauza berririk ikasi gabe esan zuenak bazekien zertaz ari zen. Nik makina bat gauza ikasita banoa ohera.
Eta zu gaur ezer ikasi gabe oheratuko al zara? Horrela bada, badakizu, segi izena ematera Kzgunera gauza berriak ikasten hasteko.
Sarrera hau gustatu bazaizu partekatu sare sozialetan beheko botoi sozialak erabiliz. Eskerrik asko.
Zalantzak edo iradokizunak badituzu gustura irakurriko ditugu ere!
______________________________________________________________________________________________________________
Beste blogeko sarrera interesgarri batzuk:

Sar ezazu zure iruzkina