Gaur KZgunea liburuak Daisy formatuan nola irakurri azalduko dizuegu. Ziurrenik izaki biziduna etorri zaizu burura, baina Daisy honek ez du zerikusirik.

Daisy, audioliburuak irakurtzeko/entzuteko pentsatuta dago. Ikusmen-arazoak edota dislexia pairatzen duten pertsonentzako oso konponbide ona da, entzun baino ez dutelako egin behar.

Horregatik, Daisy liburu digital oso interesgarria da, testua eta irudiak audio pistekin sinkronizatuak daudelako, eta honek irakurketa errazten du.

Zure gailuetan irakurtzeko app-a

Ordenagailuentzako eta beste gailuetarako -Smartphoneak eta Tabletak- aplikazio ugari daude, sistema eragile desberdinekin. Go Read Android gailuetan aplikazio erabiliena da.

Nola deskargatu Go Read

Go Read Play Store-tik doan deskarga egin dezakegu. Aplikazioa ireki aurretik, Daisy formatuan dauden artxiboak ditugula ziurtatu behar dugu, hau da, liburuak gure Smartphonearen “Books” karpeta barruan izan behar ditugu. Han bertan liburuak izanda, aplikazioan sartzea besterik ez dugu egin behar.

Nola funtzionatzen duen Go Read

Aplikazioan sartzerakoan izen-ematea egitea eskatuko digu, baina gure telefonoan ditugun liburuak bakarrik irakurri nahi baditugu, ez da pauso hori egin behar. Gogoko liburura heltzeko, gure gailuaren karpetetan nabigatuko dugu eta “Books” karpetan intereseko liburua aukeratuko dugu. Liburua kargatu ondoren, Play esteka sakatuko dugu eta, segituan, gure telefonoa liburua kontatzen hasiko da.

eLiburutegia

Liburu elektronikoak deskargatzeko hamaika web orri existitzen dira, baina KZgunean eLiburutegia zerbitzuari buruz hitz egitea nahi dizugu. eLiburutegia Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen liburutegiek eskaintzen duten zerbitzua da.

eLiburutegian euskaraz, gaztelaniaz eta beste hizkuntzetan idatzitako e-liburuak aurkituko dituzu. Hauek streaming, hau da, linean, edota deskargatuz irakurri ahal izango dituzu. Maileguak 21egun iraungo du, eta aldi berean 3 liburu har ditzakezu.

Katalogoaren aukeren artean, “Formatua” estekan Daisy formatuan sortutako liburuen zerrenda hauta dezakezu.

Liburuak hartzeko, liburutegiaren beste zerbitzuetan erabilitako bazkide zenbakia eta kodea beharko duzu. Ez oroitzekotan, ez larritu, identifikazio-pantailan “Pasahitza ahaztu zaizu?” estekan klik egin dezakezu edota zure ohiko liburutegira jo pasahitza berria jasotzeko. Bazkide ez izatekotan, liburutegiaren karnetaren eskaera egin beharko duzu eta online liburuak hartzeko behar diren datuak jasoko dituzu.