Lainoa denon ahoan dago. Nahiz eta hitz hori ezagutu eta Interneteko bilaketarekin erlazionatu, askotan zalantzak izan genitzake zer den, nola erabiltzen den edota guri ondoen dagokigun biltegiratze lainoarekin. Horregatik, gaur KZguneatik merkatuan dauden zenbait laino biltegiratze zerbitzuei buruz idatzi dugu, zuretzat onena dena aurki zenezan. Honekin zure artxiboak ongi gordeta eta eskuragarri izan ditzakezu Interneterako sarbidea duen gailu bat baduzu, noski.
Lainoan biltegiratzen ikasi nahi duzu? Zatoz KZguneara eta izena eman gure “Informatika lainoan. Ezagutu zer den lainoa” ikastaroan
Drive
Drive da biltegiratzeko lainorik ezagunen plataformetako bat. Gmail-eko posta elektronikoko kontu bat sortzeaz gain, doako 15GB lortuko dituzu. Espazio hau Google-en zerbitzu guztiekin banatzen da, Drive barne. Google Drive-en abantaila nagusienetariko bat, beste lainoen aldean, Google Docs da. Aukera honekin dokumentuak -testuak, taulak, aurkezpenak, eta abar – sortu ahal izango dituzu. Gainera, Google Docs-ek beste erabiltzaile batzuekin partekatzeko aukera ematen du, dokumentu horiek aldi berean ireki ahal izateko. Azkenik, azpimarratu behar da Google Drive-ek sinkronizazio selektiboko sistema daukala, eta zure gailuetan automatikoki sinkronizatzen diren karpetak aukera zenitzake.
Mega
Mega segurtasunean beste biltegiratze lainoak baino gehiago fokalizatzen da. Lainoan biltegiratzeko sistema honek uneoro zifratzen du. Horrek esan nahi duena zure pasahitzak eta lainoan biltegiratutako artxiboak erabat enkriptatuko direla da. Gainera, Megan biltegiratutako artxiboak zuk bakarrik irekiko dituzu. Hori gutxi balitz, lainoak biltegiratzeko doako 50 GB-eko espazioa du, eta zure artxiboen estekak edonori bidali ahal izango dizkiozu, nahiz eta Mega erabiltzailea ez izan.
Dropbox
Doako biltegiratze espazioa urria izan arren, Dropbox lainoen biltegiratze onenetariko bat da. Doako kontua 2Gb-koa baino ez da, eta handitu egin nahi izango balitz, gonbidatzen den lagun berri bakoitzeko 500MB estra oparituko du (gehienez 16GB). Ordenagailu zein sakeleko sistema operatibo guztiekin bateragarria den laino bakarretarikoa da. Erabiltzeko erraza eta intuitiboa izateaz gain, Dropbox zure eguneroko bizitzan erabil ditzakezun aplikazio gehienekin bateragarria da. Bestalde, 30 egunean behin lainoan gordeta dituzun artxibo guztien segurtasun-kopia egiten du. Zure gailuaren karpetak lainoarekin sinkronizatzeko aukera ere eskaintzen digu, eta horiek artxibo guztiak eskura izan ditzakezu “Offline” egon arren.
Sar ezazu zure iruzkina