Kaixo KZguneako lagunak! Zer moduz zaudete? Ni jada ezagutzen nauzue… beti saltsaren batean sartuta, informatika edo teknologia berriekin zerikusirik baldin badauka gainera, KZguneako hitzaldi edo ikastaroen baldintzarik gabeko zalea naiz. Jone hezitzailea gainera familiakoa bezala da.
KZgunea zerbitzuari etekina ateratzeko era asko daude. Askotan ordenagailuak eta Interneteko konexioa erabiltzeko hurbiltzen naiz soilik. Horrela, nire posta-elektronikoa kontsulta dezaket, azkenengo berriak irakurri eta sarean zehar kuxkuxean ibiltzea, edota dokumenturen bat inprimatu.
Daukaten ikastaro eskaintza zabalean beti topatzen dut ikastaro interesgarriren bat. Pilo bat egin ditut jada, baita batzuk errepikatu ere, ikasitakoa ez baduzu praktikan jartzen ahaztu egiten baita. Gazteak ginenean bezain fresko ez gaudelako agian…
Ematen dituzten hitzaldiei dagokienez, azken joeretara eguneratuta daude, teknologia berriak eta, azken finean, datorkigun etorkizuna guri erakusteko. Falta egiten du bai, bertigo-abiadura batean doazelako gauzak aurrera.
Guzti horretaz gain, tutoretzak egiteko aukera dago. Ez al zenekiten?. Imajina ezazue behar duzuen bakarra ordenagailuko artxibo batzuk USB memoria batera pasatzea dela. Beharbada, zuen smartphoneko segurtasun-kopia bat nola egitea jakin soilik. Gaiari heltzen dion ikastaro zehatzik ez egon arren tutoretza batekin ebaztea erraz izango litzateke.
Tutoretza egiteko hitzordu bat itundu behar izango zenukete zuen KZguneako hezitzailearekin, ikastarorik edo zer egiteko garrantzitsurik ez badu beharbada momentuan jar zaitezkete. Izatekotan tutoretza pertsonalizatua da gehienez 2 pertsonentzako eta 15 minututik ordu eta erdiko iraupenarekin gehienez.
Mundu guztiak ez dauka koinatu aditu bat. Ez al zaizue primeran iruditzen ordenagailua zein smartphonearekin arazoren bat edukiz gero nora jo izateak? Online izapidea nola egin, ziurtagiri digitala nola erabili…
Hor uzten dut, baina jakin ezazue azkenengo teknologiekin egunera ez bazaudete nahi ez duzuelako dela…
Ikusi arte!
Sar ezazu zure iruzkina