Gaurkoan KZgunea blogean app berri batez arituko gara, Google Family Link, Googleren guraso kontrola baimentzen duen aplikazio berria da.. App honi esker gurasoek bere seme-alaben gailu mugikorrak eta Chromebookak kontrola ditzakete urrunetik.

Zainketa sistema honek semeak bere mugikorrean konfiguratuta duen Google kontua (Gmaila) gurasoenera atxikiz funtzionatzen du. Horretarako Family Link aplikazioa seme-alaben gailuan instalatu behar da, eta beste aplikazio bat aita edo amaren gailuan.

Gurasoen gailuko Android bertsioa 4.0 edo ondorengo izan behar da edo iOS 9tik aurrera, haurren kasuan berriz, 7.0 edo ondorengoa. Gailu bakoitzak zein Android bertsio duen jakiteko pauso hauek jarraitu behar ditugu: Ezarpenak > Telefonoaren inguruan (aukera azpi aldean aurkitzen da) > Android Bertsioa.

Espainian, aplikazioak 16 urte azpikoa bada soilik baimentzen du zainketa egitea. 14 urte azpikoa bada gure seme-alaba, eta bere izenean kontu bat sortu nahi badugu, Googlek bere kontua gure Gmail kontura atxikitzeko eskatuko digu. Behin 14 urte betetzean, Google kontu normal bat izan nahi duen erabaki ahalko du, horrela balitz gurasoei jakinarazpena helduko zaie. Beraien gailua ikuskatzen jarraitu nahiko bagenu, appean berriz aktibatu beharko genuke zainketa.

Gurasoen kontrola konfiguratu ahal izateko, Gmail kontu bat izan beharko dugu eta beste kontu bat gure seme-alabentzat. Gure seme-alaben Gmail kontua sortzerako garaian, beraien jaiotze data erreala eskatuko digu. 14 urte azpiko baten Google kontua izanez gero, gurasoen kontura atxikitzera derrigortzen du, honela gurasoen kontrola aktibatu ahal izateko. Family Link konfiguratzen saiatuz gero Gmail kontu normal batekin (16 urtetik gorako baten kasuan), ez digu baimenduko gurasoen kontrol konfigurazioa.

Zer kontrola dezakegu gurasoek?

  • Gure seme-alabek gailua erabiltzen pasa dezaketen denbora kontrola dezakegu, baita app bakoitzean igarotako denbora. Honela gailuari nolako erabilera ematen ari diren jakin dezakegu.
  • Aplikazio jakin batzuk blokeatu.
  • Instalatu nahi dituzten app berriak onartu edo baztertu urruneko kontrol bidez.
  • Gailuaren erabilera denbora mugatu.
  • Kokapenari esker, gailua non dagoen jakin ahalko dugu.
  • Play Storeko edukietan mugak ipini.
  • Googleren SafeSearch konfiguratu helduen bilaketak blokeatzeko.
  • Aplikazioek dituzten baimenak errebisatu (mikrofonoa, kamera, kokapena…).
  • Seme-alaben Google kontuko pasahitza berrezarri (beraiek aldatuko balute).
  • YouTube Kidsen bilaketa segurua aktibatu eta itzali
  • Beraien Gmail kontua zein gailutan erabiltzen duten ikusi.

Smartphonearen eta nerabeen munduaren inguruan gehiago jakin nahi baduzu sar zaitez “Heziketa eta segurtasuna Interneten” hitzaldian.