Gaur egunean mezularitzarako erabiltzen diren hainbat appen zerrenda luzea daukagu. Hauen artean ezagunena WhatsAppa bada ere, Telegramek badu bere merkatuaren zati bat dituen funtzio berezi batzuei esker: bot-ak, kanalak, musika erreproduktorea… Ez da soilik mezuak jaso eta bidaltzeko.

Gaur KZgunean, Telegramek dituen funtzio batzuei buruz hitz egingo dugu, oso app interesgarri egiten dutena, ez soilik mezularitzagatik.

Zurekin hitz egin: apunteak hartzeko, erosketarako zerrendak egiteko, fitxategiak mugikorretik ordenagailura pasatzeko… hainbat erabilera ditu. Telegramen “Mensajes guardados” izeneko atal bat daukagu menuan, gure buruari idazteko aukera daukagu eta gauza pertsonalak gorde honela.

Musika erreproduzitu: Musika erreproduktore propioa du, musika etenik gabe entzuteko. Telegramen kanalak sortu daitezke. Kanal hauek pribatuak edo publikoak izan daitezke, eta hauetan edozelako fitxategiak partekatu daitezke 1,5GB artekoak. Kanal pribatu bat sortzen badugu guretzako eta bertan musika fitxategiak partekatu, esaterako MP3 formatukoak, appean bertan entzun ahalko dugun musika zerrenda bat sortuko dugu. Ideia gehiago emateko, musika estilo ezberdinekin zerrenda ezberdinak osa daitezke.

Kalkulagailua: Telegramek bot-ak ditu. Laburki azaltzeko, bot-ak beste hirugarren baten aplikazioak dira Telegram barnean erabili ahal direnak. Imagina daitekeen ia guztietarako dago bot bat, hauen artean daukagu “Console Calculator”, kalkulagailua. Telegramek bilaketarako daukan laukian bilatu besterik ez dugu egin behar eta gero abiarazi. Edozelako kalkuluak bidaltzean, erantzuna itzuliko digu.

Fitxategiak partekatu: Lehenagoko puntu batean adierazi bezala, Telegramen edonolako fitxategiak partekatu ditzakegu, 1,5GB-ko tamaina artekoak. Gainera kanalak sortu ditzakegu, publiko edo pribatuak. Kanal hauetan fitxategiak parteka ditzakegu, esaterako, senitarteko eta lagunekin.

Zure lana zabaltzeko kanal propioa sortu: Negozio bat badaukagu, kanal bat aukera ona izan daiteke gure deskontuak edo eskaintzen ditugun zerbitzuak ezagutarazteko. Gure entzuleek ezin izango digute mezurik bidali, baina geuk bidalitako dokumentu, bideo, fitxategi… ezberdinak jasoko dituzte.

Telegramen inguruan gehiago jakin nahi duzu? Baliteke zerbait interesgarri topatzea:

WhatsAppen ordezko hautabideak (2018/06/26)

Telegram (2018/11/30)

Bakarrik deusezten diren mezuak bidaltzeko appak (2020/06/09)