Facebook-eko kontu bat baldin baduzu, seguru sare sozialean argazki eta bideo asko eta asko bildu dituzula, eta orain, guzti hauek gorde nahi dituzula, eta batez ere, ez galdu.

Gaur KZguneatik multimediazko eduki hauek zure Google Argazkietako kontuan gordetzen erakutsi nahi dizugu. Izan ere, Facebook-eko aukeretatik, sare sozialeko argazki eta bideoak Google Argazkietara pasatzea oso erraza da. Ez duzu alde batetik, deskargatu eta ondoren beste aldetik, igo beharko.

Honela, sare sozialean publikatu dituzun argazki eta bideoen segurtasun kopia gorde ahalko duzu, eta publikatzen dituzun edukien gaineko kontrol handiago bat izango duzu.

Segurtasun kopia Google Argazkiekin

Facebook-en dituzun argazki eta bideo guztiak eskuragarri izateko, eta Google Argazkietan gordetzeko prozesua oso erraza da. Facebook-en saioa hasi beharko duzu lehenengo, eta ondorengo pausuak jarraitu.

  • Facebook-eko doikuntzetan Zure bideo edo argazkien kopia transferitu aukeratu edo ondorengo estekan sakatu.
  • Ondoren, non gorde nahi dituzun aukeratu beharko duzu, hau da, zure argazki eta bideoak ze zerbitzutara bidali nahi duzun. Google Argazkiak aukeratu. Oraingoz, eskaintzen duen aukera bakarra da.
  • Jarraian argazkiak edo bideoak transferitu nahi dituzun aukeratu beharko duzu. Argazkiak eta bideoak pasa nahi badituzu, prozesua bi aldiz errepikatu beharko duzu; bat argazkientzat eta bestea bideoentzat.
  • Ondorengo pausuan Google-ko zure kontuan saioa hasi beharko duzu eta Facebook-eri baimena onartu.
  • Bukatzeko, transferentzia konfirmatu beharko duzu.

Azkeneko pausu honekin, sistemak prozesuarekin hasteko beharrezko informazioa osoa izango du. Facebook-en dituzun argazki eta bideoak zuzenean Google Argazkietara pasako dira, eta ez duzu ezer gehiago egin beharko. Nahi baduzu, oraindik ere, prozesua gelditu dezakezu, Gelditu aukeran sakatuta.

Behin kopia eginda dagoenean, Facebook bidez abisua jasoko duzu, transferentzia ondo burutu dela ohartaraziz.

Argazkirik galtzen ez duzula ziurtatzeko Google Argazkiak erabiltzen ikasi nahi duzu? “Google Argazkiak. Antolatu lainoan zure argazki guztiak” ikastaroan izena eman