Mundua teknologiaren aroan murgildu denetik, zuzenean edo zeharka jasotzen dugun informazio gehiena digitala da. Hau da, gaur egun gure eguneroko kontsumoa pantaila digital baten bidez egiten dugu. Nork ez du bilatu inoiz edozein kontsulta Interneten? Zer erantzunekin gelditzen gara?
Gizakion biziraupen-sena dela eta, gure eguneroko bizitzan hartzen ditugun erabakien % 85a inkontzienteak dira. Gure burmuinak, erabakiak hartzeko unean, erantzun ezagun eta konbentzigarrienak onartzen ditu, miresten ditugun pertsonen iritziak oso kontuan hartuta. Une batez gelditzen bagara aztertzera zeintzuk diren faktore nagusiak edozein ekintza edo inbertsio ekonomiko egiteko momentuan, konturatuko gara gehienetan norbaiten eragina izan dugula behin betiko erabakia hartzeko. Azken hamarkadetan, gure eguneroko erabakietan eragiten edo aholkatzen diguten pertsona horiek “influencer” gisa ezagutzen dira.
Nahiz eta gaur egungo kontzeptu bat izan, esan daiteke beditanik gure artean egon direla. Historikoki ezagunenak diren influencerei erreparatzen badiegu, Olentzero, Errege Magoak, politikariak, aktoreak edo abeslariak bezalako figurak ezagutuko ditugu. Gaur egun aldiz, pertsonai hauek influencerrak izaten jarraitzeaz gain, kontzeptuaren profila aro digitalera egokitu da.
“Influencer berri” hauek 2005 inguruan sortzen dira, Twitter eta Facebook bezalako sare sozialen agerpenekin batera. Momentu honetatik aurrera, sare sozial berriei esker, sormena, originaltasuna edo komunikazio gaitasuna nahikoak dira gizartean eragiteko, eta batez ere ospea lortzeko.
Zer edo nortzuk dira influencerrak?
Influencerrak eduki sortzaileak dira, sare sozialetan nolabaiteko presentzia dutenak eta jarratzaileen artean sinesgarritasuna sortzen dutenak.
Ezaugarriak:
– Berezko estilo bereizgarria mantentzen dute.
– Nahiz eta gaian adituak ez izan, ohiturei buruz aholkatzen dute: Elikadura, moda, kirola, edertasuna, bideo-jokoak…
– Produktu eta zerbitzuak frogatzen dituzte gero haiei buruzko iritzia emateko.
– Balio eta ohitura batzuk erakusten dituzte. Markak faktore hauen arabera kontratatzen dituzte.
– Sare sozialak erabiltzen dituzte erakuslehio gisa.
Zergatik da hain garrantzitsua markentzat influencerrak kontratatzea?
Lehen esan bezala, produktu eta zerbitzu desberdinak frogatzean, iritzia eman eta jarraitzaileei hauen erabilera gomendatzen diete. Hau horrela, produktu edo zerbitzuak erabiltzera (eta baita erostera) bultzatzeaz gain, kontrako efektua ere eragin dezakete, eta jarraitzaileak konbentzitu marka hori ez erabiltzera (ezta erostera ere).
Gaur egun, enpresa askok bere marka irudikatzeko, marketin-ekintzak influencer-retara zuzentzeko apostua egiten dute. Markaren irudi eta balioetara gehien hurbiltzen direnak aukeratzen dituzte, beren xede-taldearengana modu errazean eta ez oso intrusiboan iristeko. Horrela, enpresek marketin-estrategia eraginkorra sortzea lortzen dute, kontsumitzailearen erosketa-portaeran eraginez.
Zure negozioan aurrera egiten lagunduko dizuten marketin-teknika sinple gehiago ikasi nahi dituzu? Eman izena KZgunearen “marketing digitalaren hastapenak” urrutiko ikastaroan!
Sar ezazu zure iruzkina