Gaur egun, nahiz arreta gehiago jarri produktu desberdinak erosteko unean, oraindik ere itsu-itsuan erosten dugu behar edo ohitura konkretuengatik eta baita beste batzuen gomendioz ere. Datu errealak eta irizpide zientifiko bat ez izatearen ondorioz, ez da erraza  jakitea zein nolako kalte edo onurak dituzten kontsumitzen ditugun produktuak. Guzti honengatik, gaur KZgunean Yuka aplikazioari buruz hitz egin nahi dizugu, elikagaiak eta kosmetikoak aztertzen eta ebaluatzen dituen App-a.

Aurkezten dugun aplikazio honek IOS eta Androidentzat eskuragarri egonda, smartphone-aren atzeko kamara erabiltzen du produktuen barra-kodeak eskaneatzeko, eta horrela, elikagaien eta kosmetikoen konposizioa ebaluatu ditzake.

Osasunean eragin ditzakeen ondorioak adierazteko, produktuak 0tik 100era bitarteko puntuazio-eskala batean kokatzen ditu; 0 produktu oso txarra izanik, eta 100 kalitate handikoa. Gainera, koloretako eskala eta azalpen zientifiko bat eskaintzen du, zehatzago definitzeko zer artikulu mota dugun eskuetan. Modu honetan adierazten da:

Elikagaiak ebaluatzeko Yukak hiru irizpide jarraitzen ditu: kalitate nutrizionala NutriScore-ren arabera (%60), gehigarrien presentzia (%30) eta produktuaren izaera ekologikoa (10%). Kosmetikoen kasuan aldiz, beste faktore arriskutsu batzuk kontuan hartzen ditu, hala nola, disruptore endokrinoak, minbizi-sortzaileak, alergenoak eta narritagarriak.

Hala ere, nahiz eta ebaluaketa aurreko hiru faktore zientifikoetan oinarritu, Yuka oraindik ere fidagarritasunaren inguruko hainbat polemiken erdian dago. Alde batetik, nutrizionista aditu askoren arabera, NutriScore-ren irizpidea (semaforo nutrizional bezala ere ezagutzen dena) ez dago herrialde askotako dietara erabat egokituta, eta beraz, akats marjina handia du. Bestetik, ebaluazioaren %30-a aplikazioa gehigarrien presentzian oinarritzen da, eta adituek diotenez gehigarriak seguruak dira. Hau da, produktu bat bere osagaietan gehigarriak izateak ez du zertan esan nahi produktu hauek ez direla osasungarriak . Hala eta guztiz ere, profesionalek baieztatu dutenez, askotan produktuen gehigarriak ez dira beharrezkoak. Azkenik, desegokitzat hartu daiteke kontsumitzen duguna ebaluatzea bere izaera ekologikoaren arabera. Hau da, ekologikoa izateak jasangarria dela adierazten du, baina ez du zertan esan nahi osasungarria denik.

Hala ere, inork ez du zalantzan jartzen Yuka aplikazio ona dela erosketa-saskia kontsumo jasangarriago baterantz bideratzeko, teknologiak erabiliz. Osasunarentzat kaltegarriak izan daitezken produktuei buruzko orientazioa emateaz gain, beste aukera batzuk ere gomendatzen ditu, betiere haien ebaluazio irizpideak jarraituz.

Nahiz eta aipatutako zerbitzu hauek Yuka-ko dohaineko bertsioan eskuragarri egon,  premium zerbitzu bat ere badago barra-kodea eskaneatu gabe edo Interneterako konexiorik gabe produktuak bilatzeko aukera ematen duena.

Aplikazio erabilgarriei buruz gehiago ikasi nahi?  Apunta zaitez Kzguneko “Zure egunerokotasuna hobetuko duten aplikazioak” ikastarora!