Duela urte batzuetatik hona, sare-sozialak komunikatzeko era guztiz aldatu dute. Nahiz eta elkarrekiko distantzia kilometroetakoa izan, denbora errealean elkarrizketak mantentzeko aukera ematen dute. Gainera edozein motatako edukiak bidali daitezke: irudiak, dokumentuak, bideoak, musika… Eta bere ospea areagotu duen zerbait badago, selfie-ak dira. Argazki mota honek smartphonearen aurreko kamerarekin, momentuak modu ezberdinean harrapatzeko aukera ematen du, argazkilaria bera protagonista bihurtuz.

Gaur, KZgunetik Poparazzi sare-sozial berriari buruz hitz egingo dizugu, aipatutako arauak haustu eta selfie-ak debekatzen dituen sare-sozial bat da hau. Instagramen antzeko sare sozial bat da, baina bere arrakastak ezaugarri nagusi bategatik bereizten du, aplikazio honek sare-sozialen ohiko estiloa iraultzen du, egozentrismoaren edozein keinu baztertuz. Hau da, norberak bere profila sortu beharrean, lagunek eraikitzen dute beste erabiltzaileen argazkiak partekatuz. Guzti honekin, multiplataforma sare-sozialen hasierara itzuli nahi da nolabait, oraindik selfieak ez zeudenean; Tuentiko garaiak edo Facebooken hasierak, adibidez.

Honela erabiltzen da Poparazzi: erabiltzaileek argazkiak sarean argitaratzean beste batzuk etiketatu beharko dituzte (betiere haien baimenarekin). Horrela, pertsona baten profila bisitatzean, beste erabiltzaile batzuek igo dituzten une eta artxibo multimediak aurkituko ditugu. Sistema horretan, lagunen eta senideen arteko loturak sortzea lehenesten da. Era berean, zure lagunen irudiak mugarik gabe igotzeko aukera ematen du, eta hortik sortzen da sare-sozialaren izena; erabiltzaileak paparazzia bihurtzen baititu.

Norberaren profiletan argazki indibidualak partekatzea erabat debekatuta egoteaz gain, filtroak eta  makillaje digitala ere baztertzen ditu. App-aren helburua pertsonak gaur egungo sare-sozialek eskaintzen ez dituzten beste ikuspuntu batzuetatik ezagutzea da.

Erabiltzaileak ezin duenez bere horman agertzen dena erabaki, pribatutasun neurriek behartzen dute argitaratutako irudi orok agertzen diren pertsonen baimen esplizitua izatera. Halaber, zure lagunen zerrendan daudenen argazkiak bakarrik igo ahal izango dira. Aitzitik, oraindik lagunen zerrendan ez dagoen baten irudi bat argitaratu nahi izanez gero, jakinarazpen bat jasoko du eta argazki hori onartu beharko du. Argitaratutako irudiren bat igo ondoren, erabiltzaileak aukera izango du irudi bat ezabatzeko eskatzeko, baita beste erabiltzaile batzuk blokeatzeko ere, gure argazki gehiago igo ez ditzaten.

Oraingoz, Poparazzi iOS gailuetan baino ez dago, hala ere, laster Android bezalako sistema operatiboetan erabiltzeko aukera izatea espero da.

Aplikazio berriak eta, batez ere, erabilgarriak direnak aurkitzea gustatzen bazaizu, apuntatu KZgunearen zuzeneko ikastarora: “Zure egunerokotasuna hobetuko duten aplikazioak“. Ez galdu!