Kaixo KZgunearen lagunak. Zer moduz zaudete? Gaur lagunok bazkaria egin dugu Iñakiren Txokoan. Hilean behin elkartzen gara eta bakoitzak zerbait eramaten du. Ondoren Iñaki maisuak, sukaldari bikaina izanik, dena prestatzen du eta egun zoragarria pasatzen dugu.

Bazkariaren amaieran eta solasaldiaren ondoren, agurra eta kontuak egiteko ordua iristen dira, beti bezala. Erosketa-tiketak eskuan, dena gehitu eta bakoitzari eta nori ordaindu behar zaion kalkulatzen saiatzen gara. Ez pentsa hain erraza denik, batzuetan zaildu egiten da eta emaitza lortzea kostatzen da.

KZgunearen blogean irakurri nuen kalkulu horiek egiten laguntzen duten app batzuk daudela. 5 aplikazio aipatzen dira: Tricount, Splid, Sesterce, Settle Up, eta TravelSpend. Nahikoa litzateke horietako edozein gure smartphonean instalatzea. Ondoren, taldekide bakoitzaren izena jarri beharko litzateke, bakoitzak gastatu duena sartu, eta beharrezkoa bada, beste kontzeptu batzuk gehitu, hala nola zorrak eta egindako ordainketak. Azkenean, txosten bat lortzen dugu, bakoitzak zenbat ordaintzen duen eta nori zehazten duena. Zoragarria.

Guk probatuko dugu, eta funtzionatzen badu, akabo buruhausteak. Eta zuek, ezagutzen al zenuten aplikazio horietakoren bat?

KZgunean ikusiko dugu elkar!!