2018tik Whatsappeko egoerak erabilgarri ditugu. Plataformako kontaktuei argazki, bideo edo testu bidez egiten ari garen zerbait azaltzean datza: sentimenduren bat, informazioren bat etab.  Hau da, bururatzen zaigun edozein gauza beraiekin partekatzea. Funtzio hau Instagrameko istorioen oso antzekoa da. Kontuan izan behar dugu Whatsappeko egoerek 24 orduko iraupena dutela, ondoren, desagertu egiten dira. Nahi adina publika ditzakezu.

Whatsappeko egoerak erabiliz argitaratzearen abantaila nagusia nork eta noiz ikusi dituen jakitea da. Gaurko sarreran Whatsappeko egoerak nola argitaratu, nork ikusi dituen jakin, pribatutasuna nola kudeatu eta gainerakoen egoerak nola ikus ditzakegun azalduko dugu.

Nola argitaratu

Egoera bat argitaratzeko, Whatsapp appa irekiko dugu eta “Egoerak” fitxa sakatuko dugu, “Txatak” aukeraren alboan. Bi aukera ditugu, argazki edo bideoak argitaratu ditzakegu kamera ikonoaren bidez edo testua argitaratu dezakegu arkatzaren ikonoa erabiliz.

Egoeretan atzealdeko kolorea alda dezakegu, emojiak erantsi edo hizki mota aldatu (testua idazten badugu). Argazkien kasuan, hauek eralda ditzakegu (ebaki edo filtroak erabili).

Egoera argitaratzeko “Bidali” (hegazkina) botoia sakatzearekin nahikoa da. Gure “Egoerak” nork ikusi dituen jakitea soilik falta zaigu.

Egoera bat ezabatu

Egoera bat ezabatu nahi badugu, edozein arrazoirengatik, posible da. Horretarako “Nire egoera” aukeraren hiru puntuetan sakatuko dugu. Lehio berrian, berriro hiru puntuetan sakatuko dugu eta “Ezabatu” aukeratu ondoren ezabaketa baieztatuko dugu lehio berrian.

Pribatutasuna kudeatu

Whatsappeko egoeren pribatutasuna kudeatu ahal izateko, “Doikuntzak” ataletik egingo dugu eta “Kontua” aukeraren barruan “Pribatutasuna” aukeratuko dugu. Defektuz, gure kontaktu guztiek argitaratzen ditugun egoera guztiak ikusi ahalko dituzte, hauetarako sarbidea hiru modutara mugatu dezakegu:

  • Nire kontaktuak: Argitaratu ditugun egoerak gure Whatsappeko kontaktuetan gorderik ditugun pertsonek soilik ikusi ahalko dituzte, hau da, norbaitek gure zenbakia badu baina guk berea ez, gure egoerak ezingo ditu ikusi.
  • Nire kontaktuak, ezik: Gure egoeretarako sarbidea kontaktu zehatz batzuei galerazi egin diezaiokegu.
  • Bakarrik elkarbanatu: Aukera murriztaileena da, gure egoerak zerrenda honetan sartzen ditugun pertsonek bakarrik ahalko dituzte ikusi, salbuespenik gabe.

Nork ikusi ditu gure egoerak

“Egoerak” fitxan “Nire egoera” aukeraren barruan, azpialdean, begi bat ikusiko dugu zenbaki batekin. Agertzen den zenbakiak egoera zenbat pertsonek ikusi duten adierazten digu eta bertan sakatzen badugu, zerrenda bat agertuko zaigu izenekin eta egoera ikusi duten orduarekin. Egoera bat baino gehiago izan ez gero, bakoitzak bere zerrenda izango du.

Azaldu dugun moduan, egoerak kontaktuetan ditugun pertsonentzat daude ikusgai, beraz, agendan gorderik ditugun kontaktuen izenekin agertuko zaizkigu zerrendan.

Gainerakoen egoerak ikusi

“Egoerak” fitxan gure kontaktuek argitaratzen dituzten egoerak ikus ditzakegu. Horretarako nahikoa da kontaktuaren izena sakatzearekin edo argitaratu duen argazkiaren zirkuluan zapaltzearekin.

Whatsappaeko trikimailu guztiak ikasi nahi badituzu, eman izena “WhatsApp. Bat-bateko mezularitza zure Smartphonean” ikastaroan izena zure KZgunean.